«Banaka baino ezusteko gehiago izaten dira binaka»

Asier Imaz 2018ko ots. 28a, 10:19

Binakako Urrezko Aizkolarien Txapelketaren finala martxoaren 4an jokatuko da Azpeitian, Izarraitz pilotalekuan, 12:00etatik aurrera.

Bere gustuko txapelketa jokatzen ari da Joseba Otaegi (Zizurkil, 1983). Aizkora kirol bakartia dela dio zizurkildarrak, eta Urrezko Aizkolarien Binakakoa motibagarri egiten zaio: «Elkarrekin entrenatzea polita da, eta lorpenak bikotean ospatzea ere asko gustatzen zait». Unai Otaño ibartarrarekin bi aldiz irabazi du txapelketa hau Otaegik. Azpeitian, igandean, Ugaitz Mugertzarekin saiatuko da hirugarren txapela irabazten.

Txapelketa aurkeztu zutenean, bi faborito argi azaltzen ziren: Atutxa-Txikia eta Vicente-Saralegi. Finaleko hirugarren bikotean zeuden zalantzak.  

Guk ere ikusten genuen bi bikote horiek indartsu zeudela; baina guk ere bikote polita osatzen genuela bagenekien. Borrokatzeko ideia horrekin hasi genuen txapelketa.

Txanda librean onenen pare zaudete: azaleko lanetan zu eta barruan Mugertza II.a.

Aitzol Atutxarekin txapeldun geratu zenean, azken urteetan, Ugaitz barruko lanak egiten ibiltzen zen. Guk azken kanporaketan aldatu egin genuen: bera azaletik eta ni barrutik. Lehen Arrospiderekin bikotea egin zuenean horrela ibili zen, eta eroso sentitzen da. Egurraren bukaerara kolpe gehixeagorekin iristen naiz, eta hor, segundo batzuk harrapatzen ditugu. Kanporaketan ondo atera zitzaigun taktika, eta orain ideia horrekin gabiltza.

Hala eta guztiz ere, finaleko gakoa zutikakoan egongo da. Oraingoan, gainera, kanaerdikoa beharrean 60 ontzakoa izango da. 

Iazko txapelketan zutikakoa binaka izaten zen, elkarri txanda emanaz. Aurten ez da horrela, batek ebaki behar du. Atutxa eta Vicente bi espezialista handi dira, eta ariketa horretan zuloa egon daitekeela ikusten dugu; finala erabakita gera daiteke. Gero harrapatzea oso zaila diren segundoak azkar erortzen dira zutikakoan.

Nork helduko dio zutikakoari zuen bikotean?

Ugaitz ari da lan hori egiten, eta oso ondo gainera. Geroz eta hobeto ikusten dut, eta konfiantza hartzen doa. Abadiñon, Atutxaren aurka, inork ez zuen zentimorik ematen Mugertza II.aren alde, eta azkenean, berak bota zuen aurretik. Egur ona baldin bada, aukerak egongo daitezke. Guk horri heldu behar diogu, eta pentsatu, nahiz eta zuloa egon, salbatzeko modukoa izan daitekeela.

Finalerdietan Azurmendi eta Rekondo kanporatu zenituzten. Hauena ere finalean egoteko moduko bikotea zen. 

Borrokatua izango zela bagenekien, eta horrela izan zen. Behar bada, ez zen izan Iñaki Azurmendiren egunik onena. Zutikakoan Rekondok Ugaitzi kentzen ziona, gero nik sartzen nion Azurmendiri. Gero, txanda librean gehiago izan ginen, baina oso estu joan zen dena. 

Igandean, pasa beharrekoa pasako da; baina egindako txapelketa hor geratzen da.

Gure buruari finalean egotea eskatzen genion txapelketa hasieran, aukerak ikusten genituelako. Behin hori lortuta, ahalik eta gehien borrokatzen saiatuko gara igandean. Gauzak zail jarri nahi ditugu, eta bateren batek irrist eginez gero, zain egonaz aprobetxatzen saiatuko gara.

Onena, presiorik ez duzuela.

Dudarik gabe. Gurekin ez du inork kontatzen, eta ez daukagu gure burua estutu beharrik. Ezustekoak, gainera, binaka maizago gertatzen dira banaka baino.

Urrezko aizkolarien txapelketa honetan, emakumeen txapelketa ere antolatu dute. Jarraitzeko aukera izan al duzu?

Gurekin batera ibili dira, baina ez da erraza izaten jarraitzea. Ez emakumeena eta ez harri-jasotzaileena. Bakoitza bere lanean zentratuta egoten da. Gero telebistaz ikusteko aukera izan dut, eta hobetzen ari direla nabarmena da. Gero eta plaza gehiago egiten dabiltza, eta pozgarria da. Txapelketa hau ere aukera bat da, erakusleiho moduan, neska gehiago animatzeko. Azkenean, gero eta gehiago ibili, orduan eta maila handiagoa egongo da. Eta hori, denontzat da ona.

Apustu kontuak ere gainean ditugu. Aurrena, martxoaren 11n, Txapartegi eta Mindegiarena. 

Azken urte t'erdian Mieltxo Mindegiak asko egin duela gora uste dut. Txapartegiren maila badakigu nolakoa den, eta prestatuta joango da. Agian faborito bezala Mindegia ikusten dut, oraindik noraino iritsiko den ez dakigulako. Baina jokatu egin behar da, eta Txapartegi fin ibiliko denez, joko polita izango dela uste dut.

Apirilaren 8an bigarrena: Arria V.a eta Vicente.

Aspaldiko urteetan saltsa handiena jarri duen jokoa da. Iker Vicente fenomeno bat da, gazterik aizkoran ikaragarri egiten duena. Arria V.a lan luzeetan eta apustuetan espezialista da. Beti esaten da apustuetan dena aldatzen dela, baina nire ustez, Iker Vicenteri ez dio horrenbeste eragingo. Euskal Herriko finalean bakarrik ibiltzen den aizkolariak azala pixka bat eginda edukitzen du. Beharbada Ikerrek 60 ontzakoetan gehiago egingo ditu, baina kana-erdikoetan, agian, Arria V.a hobeto moldatuko da. Bat edo beste, ikusteko joko ederra geratu da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!