'Atlas Musikala', Kontari haur abesbatzaren eskutik

Jon Miranda Labaien 2018ko otsailaren 23a

Aiztondoko Plazida Otaño liburutegian bihar egingo den 'Ipuinen unibertsoa familian' emanaldian parte hartuko dute.

Landarbaso abesbatzaren barruko proiektua da Kontari. Zortzi urtetik gorako neska-mutilek osatzen dute eta bertan parte hartzen dutenek iazko ekainean Errenteriako Maddalen basilikan eskaini zuten Atlas Musikala emanaldia. Bihar, 11:30ean, Plazida Otaño Aiztondoko liburutegian eskainiko dute, Ipuinen mundua familian ekimenaren barruan.

Zizurkilgo gurasoek eta liburutegiko arduradunek martxan jarritako ekimenak hilero gonbidatu ezberdinak izaten ditu Aiztondoko liburutegian, eta haien eskutik gerturatutako gaztetxoek ipuinak entzun ahal izaten dituzte.

Oraingo honetan, Errenteriatik gerturatuko dira Kontari haur abesbatzako kideak eta munduan barrena bidaia bat proposatuko dute. Atlas Musikala ipuina kontatzeko, antzerkia, abestiak eta musika baliatuko dituzte, instrumentu ezberdinak erabilita. Hiru abenturazale dira protagonista eta horietako batek aitona-amonen etxean atlas zahar bat aurkitu eta kideekin partekatzen duenean hasten da ipuina. Afrikan hasi eta munduko txoko ezberdinetako abestiak bilduko dituen ipuin musikala da, bihar, Aiztondoko Plazida Otaño liburutegian ikusi eta entzun ahal izango dena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!