Bertako eta kanpoko blues doinuak, bihar, Zizurkilen

Jon Miranda Labaien 2018ko ots. 23a, 11:12

Zizurkilgo XVI. Blues Gaua egingo dute bihar Pasus eta Egarri tabernetan eta Iker Piris tolosarrak taldearekin batera kontzertua eskaintzeaz gainera, Shirley Davis australiarraren musikaz gozatu ahal izango da.

Dagoeneko klasikoa bihurtu den hitzordua izango da, bihar, Zizurkilen. Egitasmoei jarraipena emateko zailtasunak ugari izaten diren garaiotan, udalak eutsi egin dio egitasmoari eta herriko ostalarien lankidetzarekin aterako du aurrera XVI. Blues Gaua. Pasus eta Egarri tabernetan emanaldiak izango dira.

Iker Piris Blues Trio

Pasus tabernan ariko da tolosarra, bihar, 23:00etatik aurrera. The Romanticos taldearekin osatu du Iker Pirisek hirugarren diskoa: Good Vibrations. Gaztelupeko Hotsak zigiluaren esanetan, egilearen «heldutasuna eta sasoi betea» erakusten dituzten abestiak dira diskoan jasotakoak eta gitarra jotzaile, abeslari eta musikari gisa, taldeko liderraren «etengabeko bilakaera» agerian uzten dute. Emaitza pertsonala da Iker Pirisek osatu duena, «sukaldari trebe baten erara, bere ongailu sekretuekin». Oinak eta arima, bluesa bezalako estilo zaharrean sustraituta dituzten musikariak, hiruko formatuan izango dira bihar Zizurkilen.

Shirley Davis & The Silverbacks

«Oso pozik nago hemen, Europan, eta ahaleginak egingo ditut musika mota hau bazterreko mundutik behin betikoz irten dadin eta herri musika gisa merezi duen lekua berreskuratu dezan». Shirley Davisen hitzak dira. Ibilbide oparoa duen artista da Australian bizi eta guraso jamaikarrak dituen ingelesa. Bihar, The Silverbacks taldearekin ariko da, 00:30etik aurrera Egarri tabernan.

Besteak beste, Wilson Picket handia bira oso batean lagundu zuen Gran Wazoo taldean ibilitakoa da Davis. Horrekin batera, harreman estua izan zuen Marva Withney artistarekin eta haren eskutik elkarlanean jardun zuen Osaka Monourail japoniar taldearekin. Richar Groove Holmesen bertsioa den No trouble on the mountain kantua argitaratu zuen japoniarrekin batera.

Diskoetxe batekin baina gehiagorekin kolaboratu izan du Shirley Davisek eta norabide horretan Freestyle etxean azalpen berezia egin zuen Greebaks kantuarekin. Deep Street Soul diskoan argitaratu zuen eta «deep funk» generoaren aldarrikapen garbia da. Deepface diskoan ere parte hartu zuen eta ordura arteko funk eta soul soinuak baztertu eta I Wanna Live kantuarekin Australiako arrakasta zerrenden lehen postura iritsi zen.

Europako soul munduan etorkizun handia aurreikusten dio Daivisi, Sharon Jones abeslariak. Espero gabe, Jonesen emanaldi batean kantuan hasi zenean ezagutu zuten Tucxone Records zigiluko kideek. Davisen arrastoaren atzetik hasi eta The Silverbacks taldearekin osatu duen lehen lan luzea, Black Rose izenekoa da emaitza. Gaztelupeko Hotsak diskoetxekoen esanetan bihar Zizurkilen proposatuko dutena, «urardotu gabeko soula izango da, afrobeat ukitu batekin»

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!