Joseba Otaegi eta Ugaitz Mugertza, finalera

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 19a, 13:17
Argazkia: Goiena

Binakako Urrezko Aizkorako finala jokatzeko txartela lortu dute zizurkildarrak eta mutrikuarrak bigarren aukeran, atzekoz aurrerako lana egin eta Jon Rekondo eta Iñaki Azurmendi mendean hartu ondoren.

Lehen lanetan finagoak izan ziren Azurmendi eta Rekondo. 45 ontzakoa 26 kolpean erdibitu zuten; Otaegik eta Mugertzak baina sei kolpe gutxiago behar izan zituzten. Ondoren, tamaina bereko enborra moztu behar izan zuten, erlojuaren kontra. Mugertza eta Otaegi bizkorragoak izan ziren, baina segundo bakarreko aldea atera zieten aurkariei.

Hirugarren lanean, zutik jarritako kana-erdikoak ebaki zituzten. Azurmendik eta Rekondok 3 minutu eta 2 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko. Otaegik eta Mugertza II.ak, berriz, 16 segundo gehiago.

Ordura arteko lanak batuz, 21 segundoko aldea zuten kontra, baina emaitzak irauli zituzten lan luzeenak baliatuta. 60 ontzakoa ebakitzen minutu bat eta 42 segundo behar izan zituzten Otaegik eta Mugertzak, eta 11 segundora gerturatu ziren.

Bosgarren lanean eman zioten buelta emaitzari. Zutik jarritako 45 ontzakoa eta etzanda jarritako kana-erdikoa ebaki zituzten. Gipuzkoarrek 15 segundoko aldea lortu zuten, eta sailkapen orokorrean 18 segundoko tartea zabaldu zuten.

Iraupen proban guztiz puskatu zuten lehia eskualdeko aizkolariak eta mutrikuarrak. 60 ontzako sei enbor moztu zituzten. Otaegik eta Mugertza II.ak 12 minutu eta 29 segundoan geratu zuten erlojua, eta minutu erdia gehiago behar izan zuten Azurmendik eta Rekondok.

Lan guztiak 21 minutu eta 59 segundoan osatu zituzten Otaegik eta Mugertzak, eta minutu bat gehiago Azurmendik eta Rekondok.

Finala martxoaren 4an jokatuko da Azpeitian, eta lehia horretan nor baino nor gehiago izango dira Mugertza eta Otaegi, Atutxa-Alberdi eta Vicente-Saralegi bikoteekin batera.

Goienaren kronika:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!