Joxe Arregi gogoan 37. urtemugan

Irati Saizar Artola 2018ko otsailaren 18a

Otsailaren 13an bete ziren hogeita hamazazpi urte Espainiako poliziak egindako torturen ondorioz Joxe Arregi hil zenetik. Zizurkilen torturaren aurkako eguna ospatu dute.  

Torturaren aurka, Joxe Arregiri egindakoa salatu dute izen bera daraman plazan, Zizurkilen. Ahazten ez dena inoiz hiltzen ez delako gogorarazi dute 1981eko otsailaren 4an eraman zutela Joxe Arregi beste kide batzuekin batera Carabanchelgo espetxera; 9 egun inkomunikatuta egon ondoren Espainiako poliziek egindako torturen ondorioz hil zuten. "Oso latza izan da 9 egunetan Joxeren berririk ez izatea, oso latza Joxeren heriotza barneratzea, oso latza gorpua herrira ekarri duten unea, oso latza gorpua ikusi ondoren neumonia eta autolesioen ondorioz hil dela entzutea". 37 urteren ondoren, herria harekin dagoela oihukatu dute. Ekitaldian, bertsoak, dantzak eta lore eskaintzak egin dituzte tortura jasan duten guztien omenezko eskulturaren inguruan. Ondoren, guztiek elkarrekin bazkaldu dute Urkamendi elkartean. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!