Xabier Pellejerori jantziko diote txapela, Zizurkilgo Txapel Egunean

Jon Miranda Labaien 2018ko ots. 21a, 10:56
2016an Elbarrenako festetako txupinazoa Zizurkil Goiko festa batzordeak bota zuen eta Pellejero arduratu zen suziria pizteaz

Martxoaren 10ean egingo dute Zizurkilen Txapel Eguna. Ekitaldiaren 25. urteurrenean Nafarroako Gaintzan jaiotako zizurkildarra omenduko dute.

"Badira herri guztietan baina bereziki txikietan ezinbestekoak bihurtzen diren pertsona batzuk, protagonista izan ez arren, argazkietan atera ez arren, isilean eta umil-umil boluntario lanean aritzen direnak". Horrelakotzat du Zizurkilgo festa batzordeak Xabier Pellejero eta horregatik omenduko dute martxoaren 10ean, XXV. Txapel egunean.

Herri omenaldia egiteko, Pellejerok Zizurkili eskaini dizkionak zerrendatu ditu festa batzordeak. Batzorde horretan bertan, urteetan zehar adin ezberdinetako batzordekideekin lan egiten jakin duela nabarmendu dute. "Ez diogu jubilatzeko esan nahi, baina jubilatu aurretik eskertu nahi izan diogu egindako lana". Abuztuko Amabirjin festetan "etenik gabe" lanean aritu izan da azken hamarkadetan: "Guztia prest egon zedin beti gainean egon da, arazoak konpondu ditu, diru kontuak egin, behar zena ekarri eta eraman, zerbitzatzeagatik edo oilaskoak erretzeagatik bazkaldu edo afaldu gabe gelditu da".

Zinegotzi ere izan da Xabier Pellejero Zizurkilen. Udal gobernu ezberdinekin elkarlanean aritu izan da, "bera bezala pentsatzen zutenekin eta ez zutenekin". Bere lana ezinbestekoa izan da Zizurkilgo herrigunean hamaika ekimen egin zitezen. Festa batzordearen esanetan, "udalean hamaika ordu dohainik sartu ditu Xabierrek".

Pellejero albaitaria da ofizioz eta bere lan ona nabarmendu du Zizurkilgo festa batzordeak: "Berak soilik jakingo du zenbat baserri bisitatu dituen azken 40 urteetan. Baserritarren bizitza ezagutu eta maitatzen duen pertsona da".

Herri omenaldia egiteko Txapel eguneko 25. urteurrena baliatuko du te eta egun osoko ekitaldiak prestatu ditu festa batzordeak, hain zuzen, Pellejerorengan pentsatuz: "Xabierrek urtero antolatzen ditu idi probak eta horiek ere izango dira martxoaren 10ean; artzaintzaren maitale sutsua ere badenez gazta dastaketa ere antolatu dugu".

Festa batzordeak Zizurkilgo Udalari eskerrak eman nahi dizkio Txapel eguna antolatzen laguntzeagatik. Egitarau hau itxuratu dute:

12:00. Bukalai dantza taldearen emanaldia Intxaur frontoian.
16:00. Txapeldunen musa zentroan.
17:30. Idi Probak Plazaberrin: Oraindik plazaratu gabeko idiekin Larraulgo Pedro Joxe eta Orioko Oliden nor baino nor.
19:00. Euskal Herriko gazta ezberdinen dastaketa Zimiterioan (ardoa eta sagardoa ere egongo da), trikitilariek lagunduta.
21:00. Txapeldunen afaria eta omenaldia. Afariaren prezioa 22 eurokoa da eta tiketak salgai daude Iriarte eta Plaza Etxeberri jatetxeetan. Afal ostean omenaldia egingo zaio Xabier Pellejerori eta giroa jarriz, Amaia Agirre eta Iker Zubeldia bertsolariak saiotxoa eskainiko dute, trikitilariekin batera.

"Herri txikietan, zoritxarrez, sarri gertatzen den moduan egiten duenak esker txarra ona baino errazago jasotzen du eguneroko martxan". Horregatik festa batzordekoek Txapel eguneko 25. urteurrena baliatu nahi dute Xabier Pellejerori merezitako herri omenaldia egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!