Joxe Arregi hartuko dute gogoan Zizurkilen, 37 urte eta gero, hurrengo igandean

Jon Miranda Labaien 2018ko ots. 7a, 10:07

Espainiako Poliziak eragindako torturen ondorioz hil zen zizurkildarra Madrilgo Carabanchel espetxean, bederatzi egunez inkomunikatuta egon ondoren.

«Oso latza izan da». 1981eko otsailaren 13an Espainiako Poliziak egin zizkion torturen ondorioz hil zen Joxe Arregi zizurkildarraren azken hitzak dira horiek. Latza izan da, bidenabar, praktika horren erabilpena Euskal Herrian. 1960 eta 2014 urteen artean 4.113 tortura kasu jaso dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzarentzat EHUk egindako txostenean. Pako Etxeberria auzitegi medikua eta Laura Pego zuzenbidean doktorea buru izan dituen ikerketak zehaztu du tortura horietan hainbat poliziak parte hartu dutela, baita Ertzaintzak ere.

73 poliziak hartu zuten parte Joxe Arregiren galdeketetan, bederatzi egunez. Horietako bost atxilotu eta zizurkildarraren heriotza eragin zuten torturen egile izatea leporatu zieten, nahiz eta handik gutxira libre gelditu ziren denak. Gerora, Antonio Gil Rubiales eta Julian Marin Rios polizia kideak baino ez zituzten prozesatu. 1983. urtean epaitu zituzten Madrilgo Auzitegi Probintzialean eta bi aldiz absolbitu. Auzitegi Gorenak, ordea, zigortu egin zituen: hiru hilabeteko atxiloaldia eta bi urtez lanik eta soldatarik gabe Gili, eta hiru hilabeteko atxiloaldia eta hiru urtez lanik eta soldatarik gabe Marini.

Eusko Jaurlaritzarentzat EHUk egindako ikerketak ere agerian uzten du torturatzaileek izan duten inpunitatea. Aztertutako epealdi osoan Auzitegi Gorenak hogei zigor epai baino ez ditu berretsi torturengatik. Gehienak 1984. urtetik atzerakoak.

Itzal handia dute Arregik azkenik esan zituen hitzak, eta era berean, hil zuteneko data baliatzen da Euskal Herrian Torturaren Aurkako Eguna ospatzeko. Tortura eta tortura ahalbidetzen duten salbuespenezko legeak bertan behera utz ditzaten eskatzeko egiten dira ekitaldiak. Horietako asko, Zizurkilen, bere izena daraman plazan. 2014an, bertan jarri zuen Koldobika Jauregi eskultore alkizarrak Barne kanta izeneko eskultura, Arregi eta gainerako torturatu guztien omenez.

ERAKUSKETA ETA OMENALDIA

Aurten 37 urte betetzen dira Arregi torturapean hil zutela eta gogoan hartuko dute Zizurkilen datorren asteartetik aurrera. Herriko gazteak izan dira egitaraua antolatzeaz arduratu direnak. Aiztondoko Plazida Otaño liburutegiko erakusketa gelan tortura testigantzak zintzilikatuko dituzte eta Joxe Arregiren omenez preso batek egindako eskultura ikusi ahal izango da, hilaren 18ra arte.

Arregiren heriotzaren 37. urteurrena betetzen den egunean torturaren inguruko hitzaldia eskainiko dute Plazida Otaño liburutegian. 80ko hamarkadako testuinguru politikoa, Zizurkilen garai horretan bizi zen giroa eta Joxe Arregi ezagutu zuten herritarrek euren testigantzak emango dituzte. Amaitzeko, hilaren 18an, igandearekin, urtero bezala, ibilaldia egingo da Haizetsura eta ondoren Joxe Arregi plazan ekitaldi politikoa burutuko da. Egunarekin amaitzeko bazkaria egingo dute Urkamendi elkartean.

EGITARAUA

Otsailak 13 - Otsailak 18

Egun osoan zehar. Torturaren egia, itzaletik argira erakusketa ikusgai izango da Aiztondoko Plazida Otaño liburutegiko erakusketa gelan.

Otsailak 13, asteartea

19:00. Plazida Otaño liburutegian, Zizurkilgo historia azaltzera emateko Torturaren egia itzaletik argira hitzaldia eskainiko dute.

Otsailak 18, igandea

09:00. Pedro Mari Otaño plazatik ibilaldia abiatuko da Haizetsura.
13:00. Joxe Arregi plazan ekitaldia egingo dute.
Ondoren. Bazkaria egingo da Urkamendi elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!