Pedro Mari Otaño ikas komunitateko haur hezkuntzako ikasgelak berritu dituzte auzolanean

Mikel Iraola 2018ko urt. 24a, 14:26

Asteburu bakar batean, lau ikasgela margotu eta altzariak berritu dituzte guraso, irakasle eta ikasle ohiek. Guztira 40 pertsona bildu ziren auzolanean aritzeko.

Zizurkilgo Pedro Mari Otaño ikas komunitateak Haur Hezkuntzako eredua eraldatzeko helburua finkatu du, eta bide horretan, txikienen ikasgelek itxuraldaketa bat behar zutela ondorioztatu zuten.

Denbora luzea eman dute ideia hori gorpuzten, ikas komunitateari helarazi eta martxan jarri aurretik. Sopuertako La Baluga ikastetxearekin beste proiektu baterako elkarlanean aritu dira, esaterako, eta haiek ere zenbait gomendio luzatu zizkieten zizurkildarrei.

Gerora, guraso, familiarteko, irakasle eta ikasle ohiei luzatu zieten deia. "Guraso talde batek proposatu genuen gu, gurasook, izatea ikas komunitatearen eraldaketa bultzatuko zutenak. Guraso Elkartetik proposamena luzatu eta erantzuna itzela izan zen", dio Idoia Barandiaran eskolako gurasoak. Ohartzerako 40 pertsona inguruko taldea osatua zuten, auzolanean ikasgelak eraberritzeko.

Hasiera batean, gela bakarra eraberritzea zuten helburu, baina erantzuna ikusirik, haur hezkuntzako lau gelak itxuraberritu zituzten: paretak margotu, armairuak egin, altzairuak koloreztatu... Hasieran "beldurra" izan zutela onartu du Barandiaranek, baina emaitzarekin "oso gustura" daudela nabarmendu du: "Erokeria zirudiena, guztion lanari esker asteburu bakarrean lortu genuen".

Umeek ere oso gustura hartu dute aldaketa. "Astelehenean, eskolara joandakoak, ume batek aipatu zuen magia gertatu zela ikasgeletan. Magia izan da, eta era berean ez da izan. Guztion arteko auzolanak egin du posible hau", azaldu du Barandiaranek.

Beñat Sarasola ikasketa buruak ere pozik mintzatu da: "Ikaragarria, mundiala izan da. Ez dakigu nola eskertu jaso dugun erantzuna. Magia hori benetazko bihurtu da, eta honek erakusten du zer den ikas komunitate bat".

Atzo arratsaldean egin zuten ikasgelen inaugurazioa, eta ekitaldia guztiei eskerrak emateko baliatu zuten. "Udalari ere bai, noski, proposamena luzatutakoan berak jarri zizkigun-eta baliabide guztiak eskura" azaldu zuten ekitaldian. Halaber, auzolanaren gidaritza lanak hartu zituzten Juanjo eta Iñaki aitonak eskertu zituzten, eta ikasleek egindako margolanak banatu zizkieten, oroigarri gisa. Ekitaldiarekin amaitzeko, bost ikaslek bertsoak abestu zituzten:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!