Atxulondo kultur etxeko jatetxearen kudeaketa lehiaketara atera da

Ataria 2018ko urtarrilaren 24a

Atxulondo taberna-jatetxea itxia dago urriaren amaieraz geroztik, aurreko jabeei epealdia amaitu ostean. Hilabete hauetan zenbait lan egin ditu Udalak eta lehiaketara atera du orain Atxulondo Taberna-Jatetxeko ustiaketa.

10 urterako ustiaketa epealdia eskaintzen du Udalak, urtez urte luzagarria 15 urte arte. Interesa duenak pleguetan zehaztutako zenbait obra edo erosketa egin beharko ditu, 35.500 euroko gutxieneko inbertsioarekin. Bere gain izango dira lokalaren mantenu gastuak eta 200 euroko alokairua izango du hilero.

“Proiektu serio baten interesa erakarri nahi genuke, arrisku bat hartu behar da baina lokal ederra da, plazan bertan dago eta uste dugu funtzionatu dezakeela. Atxulondo kultur etxea itxuraberrituta dugu eta jatetxeak ere etorkizun oparoa izan dezala nahi genuke”, adierazi du Joxe Mari Luengo alkateak.

Tabernaren ustiapena hartzen duenak euskarazko arreta bermatu beharko du eta agindutako ordutegiak bete, besteak beste. Baldintza guztiak www.zizurkil.eus atarian zintzilikatuta dauden pleguetan kontsulta daitezke. Boletin ofizialean argitaratu eta 26 eguneko epea dago eskaintzak egiteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!