Iritzibar dotorea, prest

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urt. 17a, 08:57

Hernandorena kultur elkartearen ekimenez Iritzibar baserriko karobia berreskuratu dute Burdina taldeko eta Hernandorenako boluntarioek Zizurkil Goian.

Iritzibar karobi dotorea dela diote Burdina taldeko eta Hernandorena kultur elkarteko kideek. Aterpea du, oso ohikoa ez dena, eta zaharberritzea eta gero, «altxor» hau biziberritzea lortu dute. Iritzibar baserriko karobia da hain justu, Hernandorena taldeko eta Burdina taldeko boluntarioek berreskuratu dutena, eta inaugurazio ofiziala udaberri aldera egingo badute ere, zaharberritzea guztiz bukatu dute jada.

Hernandoren elkarteko Joxin Azkuek esan duenez, karobi bat baino gehiago ditu Zizurkilek, baina bakar bat ere ez da Iritzibarrekoa bezalakoa. «Karobi mordo bat dugu Zizurkilen, baina Iritzibarkoa bezalakorik ez. Iritzibar baserrikoek ez dute erabiltzen jada, eta urteetan mantenua beraiek egin dute. Hernandorenatik askotan joan gara hara, ikastetxeetako ikasleekin eta abar. Momentu baten pentsatu genuen ez zela posible baserritarrak bere gain hartu behar izatea altxor horren mantenua eta zerbait egitea pentsatu genuen», esan du Azkuek.

Burdina taldekoekin gogoratu ziren eta martxan jarri zuten prozesua. «Burdinakoei deitu eta guztion artean txukundu dugu. Udalarekin ere jarri ginen harremanetan eta emandako diru laguntzari esker, materiala ordaindu ahal izan dugu. Horretaz gain, hemendik aurrerako mantenua egiteko konpromisoa ere hartu du udalak», gaineratu du Hernandorenako kideak. Udaberrian inauguratuko dute karobia eta orduan jarriko dituzte ere informazio panelak.

Burdina taldeko boluntarioak eta baita Hernandorenakoak ere, pasa den udazkenean aritu ziren bertan lanean, eta «karobia haizeberritu eta labeari gaur egun duen planta dotorea» ematea lortu dute.

Xabier Arruti da Burdina taldeko kideetako bat eta zaharberritzeak hiru fase dituela gogoratu du. «Lehen biak eginak daude jada; karobiaren inguruko sastrakak eta abar garbitzea eta hondakinak ateratzea, batetik, eta berreraikitzea eta sendotzea, bestetik. Hirugarrena falta da, panelak jartzea, alegia», esan du.

Burdina taldeko kideak Iritzibar baserriko familiaren laguntza eskertu nahi izan du; «berreraikitzeko materiala ekarri zuten, harriak eta abar, eta eskerrak eman zizkigun, baina alderantziz da, guk eskertzen diegu emandako laguntza eta babesa», gaineratu du. Afari legea ere egin zuten elkarrekin.

ESTILO ZAHARREKOA

Iritzibarkoa karobi zaharra da, berriak edo estilo frantsesa dutenak baino motzagoak eta zabalagoak dira, eta Euskal Herrian gehiengoa dira. «Karobi horietan bospasei egun ematen zituzten karobia prestatzen, harriak eramaten eta abar, beste sei egunez izaten zuten martxan, eta beste bi egunez atseden hartzen zuten. Apirila aldera piztu ohi zituzten karobiak», esan du Arrutik.

Karobi zaharrek hiruzpalau bat metroko altuera dute eta beste pare bat metro diametroko zilindroak dituzte. Gehienek aterpea zuten, teilatu eta guzti, baina gehientsuenek galdu egin dituzte. Iritzibarkoa salbuespena da zentzu horretan.

Karobi berri edo frantsesak, aldiz, askoz altuagoak eta estuagoak izaten ziren, barruko zilindroak bospasei metro inguruko altuera eta metro eskas diametroa izaten zuten. Piztu ondoren astebetez edo bi astez mantentzen zuten, lortu nahi zen karearen arabera, eta tarteka kareharri eta egur-geruza gehiago gaineratzen zituzten, goitik.

Izan ere, karobiak kareharria kiskalduz kare bizia egiteko erabiltzen ziren labeak dira. Badirudi XVIII. mendearen hasieran orokortu zirela Euskal Herrian, artoaren eta babarrunaren hedapenarekin batera, eta baserrien aldaketa sakona eragin zutela, soroak kareztatzeak uzta hobeak lortzea ekarri baitzuen.

ELURTEGI BAT

Lehen aldia da Burdinakoak Zizurkilen aritzen direla, orain arte Asteasun, Elduainen eta Berastegin aritu dira.

«Datorren urterako Zarate inguruko elurtegi zahar bat berreskuratu nahi dugu», aurreratu du Arrutik. Lan horiek guztiak egiteko herritarren laguntza behar dutela ere nabarmendu du eta Burdina taldekoekin lan egiteko aukera zabaldu du.

«Nahi dutenek burdinataldea@hotmail.com helbidera idatzita edo 699 48 76 83 telefono zenbakira deituta jarri daiteke gurekin harremanetan. Oso lan eskertua da, asko ikasten da. Gure lana normalean, lehenik mendi, bailara eta abarretan zehar ibiltzea da, bertan berreskuratu daitezkeen elementuak topatzeko, eta ondoren, udaletxeekin jartzen gara harremanetan, elkarlana hasi ahal izateko», esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!