Zizurkilgo Udalak saihesbidearen proiektua berrartzeko eskatu dio Aldundiari

Ataria 2018ko urtarrilaren 3a

EH Bilduk proposatutako mozioa PSEk babestuta eta EAJren abstentzioarekin atera da aurrera.

Abenduaren 11ko udalbatzan aztertu zen mozioak gogoratzen duen bezala, “Zizurkil hamarkada luzeetan jasaten ari da trafikoaren zama Elbarrenako erdigunetik. 2000ko hamarkadan egindako azterketen arabera, hamar mila inguru ziren egunero Zizurkilgo erdigunea zeharkatzen zuten ibilgailuak eta horietako asko Asteasuko industrialdera doazenak dira, kamioi edo ibilgailu astunen kopurua oso handia delarik. Gainera egoerak okerrera egin du azken urteetan Abiadura Handiko Trenaren lanak direla eta”.

Hamarkadetan proiektua atzeratu ostean 2010eko abenduan saihesbidea egiteko konpromisoa hartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak baina proiektua bertan behera geratu zen krisi ekonomikoa tarteko, “egoera hobetzean berrekiteko asmoa azalduz. Uneotan, zerga aurreikuspenak krisi aurreko garaira itzultzen ari direla jakinarazten zaigunean, EH Bilduri iruditzen zaio Zizurkilek ezin duela hamarkadak itxaroten jarraitu. Zizurkilek nahikoa itxaron du jada”, dio mozioak.

Hori dela eta Zizurkilgo udalbatzak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio “legealdi honetan proiektua berrekitea, Zizurkilek trafiko aldetik bizi duen egoera gordina aintzat hartuta. Eta gauzatzea ez bada ere, bederen, epe zehatzekin bide orri bat marraztea legealdia amaitzerako. Bide horretan, Zizurkilgo Udalaren elkarlana eskaintzen zaio Aldundiari izan litezkeen zalantza eta xehetasunak adosteko”. EAJren eskariz mozioan Aldundiari bilera baten eskaintza zehatza ere egin zaio baina jeltzaleak abstenitu egin dira. Udalbatzaren ebazpena Gipuzkoako Foru Aldundira helaraziko da.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!