307 ipuin eta 50etik gora booktrailer aurkeztu dira Teodoro Hernandorena lehiaketara

Tolosaldeko Ataria 2017ko abe. 23a, 14:29

Sari banaketa ekitaldia egin dute Zizurkilgo liburutegian. XVI. aldiz antolatu da ipuin lehiaketa eta lehenengo aldiz booktrailer lehiaketa.

Ipuin lehiaketari dagokionez, hiru mailetan banatu dira sariak. A mailan (6-8 urte) 85 ipuin aurkeztu dira eta lehenengo saria Kaiet Ormazabal Leizaola billabonatarrarentzat izan da, Bost piratak altxorraren bila ipuinarengatik. Ondokoa izan da epaimahaiaren iruzkina: "Abentura huts eta ekintza huts da Bost piratak altxorraren bila. Itsaslapurren mundu eta biziera erromantikoa ondo bereganatu eta adierazi du idazle gazteak, bera xarmatzen duen giro liluragarria transmititzen digula. Elkarrizketa-zipriztinek are biziagoa egiten dute kontakizuna".

Bigarren saria Eñaut Saizar Aizpurua billabonatarrarentzat, Taxi hegalaria lanarengatik. Epaimahaiak ondokoa esan du: "Istorio laburra bezain bizia da, txukun kontatua eta, batez ere, irudimen handiarekin, idaztearen bizipozarekin".

B mailan (9-11 urte) 218 ipuin aurkeztu dira, eta iruzkin orokorra egin du epaimahaiak: "Maila polita topatu dugu idazlanetan, bai literaturtasunaren aldetik eta baita erabili duten iruditeriaren aldetik ere.
Euskara jatorra sumatu dugu, herriaren hizkeratik hurbil dena, baina, denbora berean, aski aberatsa erabilitako egitura eta esamoldeetan. Ipuinen egiturak dotoreak, zuzenak eta aberatsak. Eskualdeko gaztetxoekin luzaz egindako hizkuntza-indartze baten emaitza garbia". Lehenengo saria Aitor Seara Izagirre zizurkildarrak jaso du, Bakardadearen bi aldiak lanarengatik. Hauxe esan du epaimahaiak: "Ongi egituratutako narrazioa. Hasiera, korapiloa eta amaiera ongi uztartuak. Irudimen handikoa. Sugandilaren irudia azken momentura arte atxiki du gordean. Ustekabeko bukaerak ipuinari ukitu berezia ematen dio".

Bigarren saria Iraide Tejeria Arocena larrauldarrak jaso du, Malkorik ez zuen neskatila ipuinarengatik. Epaimahairen iruzkina: "Ongi antolaturiko ipuina. Narrazio zuzena eta argia. Istorioaren hariak ongi josita daude. Estilo intimistaren bidetik abiatua. Sentimenduetatik badaki ongi edaten. Ipuinaren ildoa biziki ongi burutzen da amaierarekin".

Aipamen berezia ere eman da maila honetan, eta Gorka Robles Maiz zizurkildarrak jaso du Iragan gazi-geza izeneko ipuinarekin. Epaimahaiak ondokoa azaldu du: "Bizipen itxurako narrazioa, maila sozialeko gaia aditzera ematen diguna. Garai bateko etorkinen egoera latzetik abiaturik, proiekzio bat egiten du gaurko gizartera, horrelakoak gehiagotan errepika ez daitezen aldarrikatuz. Ausarta izan da egilea".

E mailan (17 urtetik gorakoak) 4 ipuin aurkeztu dira eta lehenengo saria Maider Zuntzunegi Goenagarentzat izan da, XX izeneko lanarekin. Hauxe esan du epaimahaiak: "Sexu aniztasunaren mundua eta auzia begien aurrean jartzen dizkigu XX narrazioak. Maialen Lujanbioren bertso baten aipamena gaitzat hartuta bezala, ederki kontatzen da norberaren barruko, benetako sexu identitatearen azaleratze eta finkatze prozesua, gorabeherak eta gazi-gezak barne. Ekintzak dira nagusi, tartekaturiko iritzi laburrekin, eta horrek arinago eta atseginago egiten du irakurketa".

Bigarren saria Hodei Arrastoa Mendizabalek jaso du, Yuma ipuinarekin. Epaimahairen iruzkina ondokoa izan da: "Batzuetan bizimodua aldrebestu egiten zaigu edo dena ilun ikus dezakegu, eta noiz edo noiz estutzen gaituen egoera bertan behera utzi eta ospa egin dezakegu. Santiago bidea izan zen Yumaren hautua, baina ezin jakin erabaki horrek zein ondorio izan ditzakeen… Yuma ipuinak, ondo baino hobeto azaltzen du nahasmendu hori, egunez egun, hizkera biziz eta kemenez".

Booktrailer lehiaketa

Lehenengo saritua DBH1 eta 2 mailan Elorri Oiarbide, Nerea Esteban, Hector Luis eta Xabier Gomez laukotearentzat izan da. Epaimahaiaren iritziz, "irudien aldetik aberatsa da, kalitatezko argazkiak erabili dituzte eta hauei dagozkien egile eskubideak zaindu dituzte. Kontakizunaren aldetik, oso euskara ederra eta aberatsa erabiltzen dute. Oso ondo uztartu dituzte booktrailerrak osatzeko beharrezkoak diren 3 elementu nagusiak; musika, irudiak eta kontakizuna. Irudiak, testuak eta musika modu dinamikoan eta ondo uztartuan daude. Horren ondorioz, liburuaren gaia azaltzeko egindako booktrailerra ikusgarri bihurtuz".

Bigarren saritua DBH 3 eta 4 mailan, Maialen Gomez, Raul Cabrera, Haizea Martinezen lana izan da. Epaimahaiak azaldu duenez, "liburuko gaiak gaurkotasun handia duenez ongi garatu da kontakizuna. Irudien aldetik ez dituzte hainbeste erabili, baina tipografia ezberdin, fondo koloretsuak eta marrazkiak erabiliz booktrailerra adierazgarria eta originala da. Kolore konbinaziok eta tipografiekin ondo jolastu dute, sormenari lekua eginez".

Norbanako saria Maddi Etxeberria Barandiaranentzat izan da. Epaimahaiaren iritziz, "oso lan polita. Ondo uztartu ditu elementu guztiak: musika, irudiak eta testua. Argazkiak oso ederrak eta euskara oso maila polita. Mezua ondo adierazi du eta erakargarria egiten da".

Booktrailerrak Youtuben zintzilikatuko direla jakinarazi dute Plazida Otaño liburutegitik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!