«Tesiari liburu batekin eman nahi diogu jarraipena»

Iñigo Otaegi 2017ko abe. 6a, 14:02

Urtzi Regero zizurkildarrak euskara du ofizio, Euskal Filologian irakaslea da egun. «Hizkuntzarekiko sentiberatasunak eta kuriositateak» abiatu zuen bere ibilbide profesionala.

Egunero egiten du Urtzi Regerok (Zizurkil, 1988) euskararen aldeko hautua; eta hauspotzen joan den hartu-eman hertsi horrek eraman du Euskal Filologian irakasle izatera. Gradua behin amaituta, ikasle ohi batzuek Aziti Bihia izeneko elkartea sortu zuten, eta euskara ertz andanatatik ikertzen dihardute.

Euskal Filologiako ikasketak eginez ekin zenion bideari.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, dagoeneko garbi nuen nire geroaldiak euskararen bueltan behar zuela ibili. Gainera, antzematen nuen gabezia zientifikoa zegoela euskal istorio eta mitoen inguruan; eta horien gaineko lan sakonak egitea nuen erronka. Hizkuntzarekiko sentiberatasunak eta kuriositateak ere, erraztu zuten erabakia.

Esango zenuke, hain justu sentiberatasun eskasia dagoela euskal hiztunen artean?

Motibazio falta izan daiteke. Euskal hezkuntzan, hizkuntza guztiei ez zaie trataera bera eskaintzen. Nik alternatibarik esku artean ez daukat, baina, euskal errealitatea ez da bera, leku batean edo bestean, ezta euskararen sona ere. Hezkuntzan arakatu beharra dago joera aldatzeko. Euskara landuko balitz gainerako hizkuntzak bezalaxe, eta euskararekiko errespetua sustatuz gero, sentiberagoak izango ginateke. Hiztunen kopuruak nabarmen egingo luke gora.

Urtzi Regeroren zerrendan, Kronologia erlatiboaren gaineko ikerketa ageri da lehenbizi.

Gradu garaian eskuratutako beka bideratu nuen, euskarak azken 2.000 urteetan izandako aldaketak aztertzeko. Egun, euskarari darion arnasa nola sortu den nahi nuen ikertu, historiako oinarrietatik harago. Masterra egin nuen gero, eta Erdi Aroko euskararen kanpoko eta barneko historiaren azterketan, ohorezko matrikula lortu nuen. Erdi Aroko lekukotza guztiak (izen-abizenak, esaldi laburrak...) sistematikoki aztertu, eta hizkuntzaren ezaugarriak zerrendatu genituen, barneko historia laburbilduz.

Azken ekarpena, goi-nafarrera arkaiko eta zaharraren testuen tesia izan da. 


Masterra egin ostean, zalantza handiak izaten dira tesiaren muinaren gainean. Garbi nuen Filologiarekin zerikusia zuen zerbait egin nahi nuela. Ohartu ginen, euskalki asko aztertzen ari zirela, tartean bizkaiera zaharra edo zuberera; eta pentsatu genuen goi-nafarrerak ere merezi zuela ikertua izatea. Aukera polita ikusi genuen tesi baterako, eta istantean, 1750. urte aurreko goi-nafarrera eta arkaikoan idatzitako testu guztiak zukutzen hasi ginen. Horrela, euskalki eta ezaugarri andanarekin egin dugu topo, kronologia aintzakotzat hartuta. Ez da ordea, ezaugarriak identifikatzea soilik, horiek nondik datozen, zein euskalkitan islatzen diren... Dezente sakondu dugu.

Ezaugarri esklusibo eta ez-esklusiboen konbinazioak egiten du euskalkia berezi.

Hori da. Dialektoak aztertzean, lehendabizi egiten dena da, gainerako euskalkiek ez dituzten ezaugarriak topatzea. Muturreko euskalkiek badute estatus berezi bat, hain zuzen, ezaugarrietan ezberdinak direlako; bizkaiera kasurako. Kokaleku geografikoak eragina du euskalkietan; erdialdean geratzen diren euskalkiek, iparralde eta hegoaldetik jasotzen dituzte ezaugarriak. Horrenbestez, gipuzkeran ez da hain erraza ezaugarri esklusiboak topatzea. Nafarreraren kasuan, esklusiboak eta orokorragoak diren ezaugarriak konbinatzen dira.

Erromantzeen zantzuak ere nabariko dira goi-nafarreran.

Kontuan hartu behar da goi-nafarrera dela eremu handiena izan duen euskalkia. Eragina izan baldin bada, euskara galdu egin da, eta erromantzeak hartu du indarra. Eragin soziolinguistikoan bai xehetzen ditugu hainbat ideia, alabaina, hizkuntzan izan dituen aldaketaz, gutxi.

Iruñea, erdialdeko euskalkiaren ardatz gisa hartu izan da, eta dialektoak sortu izan dira foku horren bueltan. Erdi Aroan, Iruñea euskal foku nagusiena zela kontsideratzen zen, eta euskalki askoren ezaugarri bereizgarriak bertan sortu ziren. Gainerako hizkuntzek egin dutena da, ardatz horiek ahuldu. XVI. mendean dauzkagun berrikuntzak, Gipuzkoara edo Lapurdira arte iristen dira. XVII. mendean aldiz, ez dira Nafarroatik ateratzen; gaztelaniak hartu zuen aginte makila.

Egungo nafarrera zenbateraino da lehengo hizkeraren isla?

Gaur gaurkoz hitz egiten den nafarreraren ezaugarri esklusiboek, XVIII. mendean dute oinarria. Aztertzeke dago oraindik, goi-nafarrerak gipuzkera zaharrarekin izan duen hartu-emana, eta zenbaterainokoa izan den. Euskalkiak tenorez tenore bereizten joan dira, eta baliteke, orain 500 urte bi euskalkiak bakarra izatea.

Zer mintzoekin lotuko genuke goi-nafarrera?

Tesiak ez du problematika ixten, are gehiago, ate gehiago zabaltzen ditu. Ikusi behar, zer gertatu den euskalkien artean; oraindik, asko dago ikertzeko. Bide eman dezala beste lan batzuetarako.

Hartzaileak nola hartu du tesia?

Oraingoz, zabalkunde handirik ez du hartu. Ingurugiroak eskuzabal eta interes handiarekin hartu du, eta iritzi onak eman dizkigute bueltan. Ondobidean, tesiari liburu batekin eman nahi diogu jarraipena. Printzipioz behintzat, gure mundu txikian, oso harrera ona hartu du.

Instituzioen aldetik, eskaintzen zaizuen laguntza nolakoa da?

Zabalkundea ez da guk nahi bezalakoa. Unibertsitateko lanek, oro har, ez dute oihartzunik izaten. 2012an, Aziti Bihia elkartea sortu genuen ikasle izandako batzuk, eta egun, euskarari dibulgazio zientifikoa emateko gabiltza lanean. Liburuek oinarri zientifiko ahula izaten dute normalean, eta gure helburua hain zuzen, euskarari oinarri zientifikoa ematea da. Gainera, zenbait ikastaro ireki antolatzen ditugu Gasteizen bertan, jendearentzat liburu zientifikoak irisgarri izan daitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!