Otaegi eta Telleria, aurrera

Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko aza. 19a, 15:19

Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan jokatu dira Urrezko Aizkora Kopako eta Gabonetako Harri-jasotzaile Kopako kanporaketak, eta bertan, herriko aizkolaria eta harri-jasotzaile urnietarra izan dira onenak, ehun zale ingururen aurrean.

Beste urte batez, "Eusko Label Saria" jokatzen ari dira Euskal Herriko aizkolari onenak, eta gaurkoan, Zizurkilen ospatu den kanporaketan aritu dira Joseba Otaegi eta Jon Irazu herritarrek. Lehena gailendu zaio bigarrenari, hurrenez hurren, 23 minutu eta 58 segundo eta 26 minutu eta 6 segundo behar izan dituztelarik. Hortaz, bi minutu pasatxoko aldea atera dio Otaegik Irazuri.

Alde hori baina, ez da soilik amaieran ikusi. Hasieratik, oso ondo hasi da Otaegi, kontzentratuta, nahiz eta berak ez zuen saio erraza aurreikusten: "Ez nuen espero horrela irabaztea; hasieran indartsu hasi nahi izan dut, serio, abantaila txiki bat hartu eta gero mantendu ahal izateko, horrelako lanetan, segundoak errekuperatzea oso zaila izaten da". Irazuk, bestalde, "hasieratik beteta" ekin diola aitortu du.

Halaxe izan da. Epaileak txistua jo eta segituan hartu du minutu erdi inguruko abantaila Otaegik. Berak egur bat ebakitzen zuenerako, Irazuk oraindik ez zuen buelta hartzen. Hala ere, beti gainean izan duela adierazi du Otaegik. "Aizkoran, egurraren arabera, minutu erdiko tartea ez da ezer izaten, eta ni aurretik nindoan baina banekien ez nuela erritmoa jaitsi behar, abantaila areagotu ahal izateko". Eta horrelaxe izan da. Abantaila areagotzea lortu du, amaierara bitarte, egurrekin inolako arazorik izan gabe. "Bazen lehortutako egurren bat edo beste, baina gainontzekoak oso ondo zeuden, berdintsuak ziren guztiak". Irazuri, aldiz, gehiago kosta zaio egur batzuk guztiz ebakitzea.

Datorren astean, Miel Mindegiaren aurka neurtuko ditu indarrak, Otaegik, Bilbon, Urrezko Aizkora Kopa txapelketako hurrengo kanporaketan. Hauxe bere aurreikuspena lehia horren aurretik: "Une honetan, oso indartsu dago bera; nahiz eta bigarren mailan egon, oso ondo ikusten dut, eta arerio txarra da lan hauetarako", eta gehitu du, "agian, ni aurkituko naiz datorren astean atzetik".

Telleria nagusi, zilindroari esker

Aizkolariez gain, Gabonetako Harri-jasotzaile Kopako kanporaketa ere ospatu da, eta bertan, Beñat Telleria urnietarra eta gaixorik zegoen Gorka Etxeberria oriotarraren partez joandako Sebastian Martikorena hendaiarra izan dira nor baino nor. Gipuzkoarrak irabazi dio Ipar Euskal Herriko kirolariari. Biek burutu beharreko lana hauxe zen: 100 kilotako zilindro, kubiko eta bolari, ahalik eta altxaldi gehien ematea. Hiru proba horietako bakoitza, bi minuturen barruan egin behar izan dute, eta Telleriak guztira, 52 altxaldi egin ditu. Martikorenak, berriz, 46.

Lehen proban, zilindroarekin aritu dira biak. Telleria erraz nagusitu zaio Martikorenari, eta hasieratik, garaipenerako leihoa zabaldu zaio. Hain zuzen, 23 altxaldi burutu ditu gazteak, eta Hendaiako harri-jasotzaileak, 19. "Zilindroarekin oso gustura aritu naiz, eta banekien berak ez zituela hainbeste altxaldi egingo, eta hasieratik indartsu atera nahi izan dut", aitortu du Telleriak.

Gainerako bi probetan ez da alde handirik izan. Tartean, Martikorenari altxaldi bat zigortu ere egin diote. Kubikoa, 13 aldiz altxa du Telleriak, eta 12 aldiz Martikorenak. Azkenik, bola, 16 aldiz altxatu du gipuzkoarrak, eta 15 altxaldi eman dizkio, gaurkoan Etxeberriaren ordez aritu den harri-jasotzaileak. "Kubikoaren kasuan, deskantsu gutxirekin ekin diogu lanari, eta gehiago kostatu zait, baita bolarekin ere, hotza zela eta, harria irristakorragoa zegoelako", esan du urnietarrak proba amaitu ostean.

Telleriak ez daki oraindik, noren aurka neurtuko dituen indarrak Gabonetako Harri-jasotzaile Kopako datorren kanporaketan. Hala ere, datorrena datorrela, gaur bezain ondo lan egiteko helburuarekin plazaratuko dela esan du harri-jasotzaile gazteak: "Orain, bi astez atseden hartzeko astia izango dut, eta gogotsu nago hurrengo kanporaketako lehiakidea zein izango den jakiteko", adierazi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!