"Ez dago ingurukoen aitortza jasotzea baino sari hoberik"

Jon Miranda Labaien 2017ko aza. 13a, 10:30

Bere ibilbidean txapel ugari irabazitakoa da Aitziber Ibarbia (Zizurkil, 1977). Etxean toki pribilegiatua dauka, ordea, Zizurkilgo Txapel Egunean eman zioten txapelak.

Nola aurkeztuko zenioke Zizurkil ezagutzen ez duenari?

Zizurkil herria bitan banatuta dago geografikoki, Zizurkil goia eta behea. Geografikoki ez ezik, bi errealitate nahiko ezberdin bizi dira bertan. Nekazari giroko Zizurkil daukagu goian eta askoz ere urbanitagoa behean. Pertsonen jokamolde eta izakeran ederki islatzen da errealitate hau.

 

Zizurkilgo zein txoko duzu gustukoa?

Ez daukat bereziki gustatzen zaidan txokorik, bere osotasunean dut gustuko herria. Baina leku bat aukeratzekotan, Ezkaltzu mendi gaina aukeratuko nuke, eskaintzen duen ikusmiragatik. Kostaldea ikusten da iparrerantz begiratuz eta Gipuzkoako barnealdeko mendiak (Aralar mendizerra esaterako) hegoalderantz. Egun argitsuetan, Pirinioak elurtuta daudenean, hauei begiratzea ederra da.

 

Mendi lasterkaria zara. Zizurkil inguruko zein menditan ibiltzen zara gustura?

Zizurkil behean bizi naiz orain eta Amasako mendietan entrenatzen dut, Loatzo, Uzturre eta Belabieta inguruetan. Denbora gehixeago dudanean Ernio aldera joaten naiz. Hauxe da gustukoen dudan eremua, Aiztondo bailara osoan barna ibili naitekeelako kotxerik hartu gabe.

 

Kirol zaletasun handia al dago Zizurkilen?

Zizurkilen ez dago kirol eskaintza handirik gazteentzat, instalazio faltagatik. Aldameneko Villabona herrira jotzen dute askok kirola egiteko, han bait dago kiroldegia. Zizurkilen futbola eta pilota eskaintza da gazteentzat eta emakumezkoa izanez gero ezer gutxi. Gaztetxoenentzat bada aukera gehiagorik, danena txirrindularitza eskola esaterako. Eskaintza ikusita, harritzekoa eta hunkigarria da Zizurkildik atera diren kirolari aparten zerrenda ikustea: Garindarrak korrika, Garmendia futbolaria, pultsulari apartak… eta orain herriaren izena harat eta honat zabalduz dabiltzan Alberdi txirrindularia eta Erasun pilotaria esaterako.

 

Asko aldatu al da herria azken urteetan?

Bai, dudarik gabe. Zizurkildarrak Zizurkilen hasi dira bizitza egiten, Villabonarekin zuen menpekotasuna pixkanaka apurtuz. Komertzioa indartzen joan da pixkanaka eta etxebizitzaren arazoa ere dezente konpondua da. Plaza eraberrituak bizi giroa indartu du herrian. Hala eta guztiz asko dago hobetzeko eta lanean jarraitu beharra dago herriko zerbitzuak hobetu eta herritarrak bertan geratzeko.

 

Nolakoak dira zizurkildarrak? 

Bi errealitate oso ezberdinetan mugitzen diren biztanleak ditu Zizurkilek, eta honek behar ezberdinak asetzeko grinak sortzen ditu. Izugarrizko aberastasuna daukagu alde horretatik eta oso ezberdina da Iriarten tragoa hartuz eduki dezakezun hizketaldia edo Egarriko terrazan eduki dezakezuna. Baina jendea irekia eta atsegina dela esango nuke oro har, goien ezezagunei zehar begiratua egiteko instintuak bizirik jarraitzen duen arren (barrez).

 

Urtean zehar festa eta ekimen ugari izaten da herrian. Baten bat bereziki azpimarratuko zenuke?

Bada aukera nahi duenarentzat, bai. Gauza asko antolatzen da herrian, oso herri bizia dugu eta parte hartze geroz eta handiagoa da antolatzen diren ekintzetan: Hitzaldi, antzerki, ipuin kontaketa, kontzertu eta festak, maiz ditugu herrian. Bat aukeratzekotan koadrilen eguna aukeratuko nuke. Uztailean egiten da normalean eta denboraldian bete betean arrapatzen nauen arren, herrian baldin banaiz behintzat ez dut belakoan huts egingo bazkarira eta ondorengo festara.

 

Txapel asko jantzi dituzu zure kirol ibilbidean. Zizurkil goiko txapel egunean jantzi zizutenak ilusio berezia egin al zizun?

Txapel mordoa daukat ganbarako kaxa handi batean sartuta, bai, hantxe sartuta. Izan ere, momentuan izugarrizko ilusioa egiten dit beti txapelak, baina aste bat irauten du etxean barrena bueltaka, ondoren kaxara joaten da beste guztiekin batera. Txapel egunean herriak eman zidana logelan daukat, horrek ez dauka iraungitze datarik, eta ez dut uste kaxa horretan sartuko dudanik inoiz. Oso oso berezia izan zen. Ez dago munduan ingurukoen babesa eta aitortza jasotzea baino sari handiagorik. “Joño neska! Zer edo zer ondo egina izango dun!” pentsatu nuen nirekiko. Herritar zoragarriak daude Zizurkilen, bai horixe!

 

Erlazionatuak

Errimatzen dute goiak eta beheak

Jon Miranda Labaien 2017 aza 13 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!