"Orain arte gehien kosta zaion txapela jantzi du Atutxak"

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 17a, 10:27

Mikel Larrañaga, Iñaki Azurmendi eta Joseba Otaegi (Zizurkil, 1983) parean ibili ziren finalean, ikuskizun ederra eskainiz. Bosgarren postuan amaitu zuen zizurkildarrak, baina hirugarrena ez zuen urruti izan.

Egindako lanarekin gustura?
Neukana eman dut. Hasieran erritmoa hartzea kosta egin zait, baina egindako lanarekin gustura egon naitekeela uste dut; besteek ere egin egiten dute hemen.


Lehen bi enborretan azkena ibili zara. Kosta egin zaizula ikusi da.
Aurreneko egurrean adar bat atera zait. Nagi samar edo hasi naiz, ez dakit. Bero egiten zuen kanpoan, eta beroketan izerdi asko botata edo...


Kanpoan bero; kiroldegian?
Aldageletan aire egokituarekin hotz bezala egiten zuen. Urduritasunarekin eta guztiarekin kontraste pixka bat zegoen. Hasi garenean bero egiten zuen; izerdi asko botatzen zen. Baina ez dago inongo aitzakiarik.


Alde  batean Ugaitz Mugertza eta bestean Aitzol Atutxa zenituen. Mugertzari begira ibili zara enbor handietara iritsi arte.
Bagenekien Ugaitzek irteera indartsua egingo zuela. Gero segitzea kosta egiten zaio. Pixka bat berarekin joan naiz, lehia horretan erreferentzia bat hartu nahi izaten baituzu. Azurmendi ere atzetik zetorrela ikusten nuen, eta niri gasa bukatzen ari zitzaidala. Bukaeran neukana eman dut, eta nire ustez, hirugarren postutik bosgarrengora denak hor egon gara.


40-50 segundoren bueltan ibili zarete Larrañaga, Azurmendi eta zu. Aurretik ibili direnak Iker Vicente eta Aitzol Atutxa izan dira.
Aitzol oso indartsu atera da. Aldamenean nuen, eta bi egurretan ia erdi bat kendu dit. Baina gero, oinbikoetan, berriro hor ikusten nuen, aldea handitu ezinik. Iker gainera etorri zaio. Bukaeran berriro jo duela uste dut. Orain arte gehien kosta zaion txapela jantzi du.


Iazko finalean, lan horietan gozatzen zenuen lehen aldia zela esan zenuen. Aurten?
Oinbiko batean pixka bat nahastu egin naiz. Kortea itxiegia eman diot. Hori jarriko nuke puntu beltz bezala. Baina bestela, aurreneko lan horri buelta eman diodanean, gustura aritu naiz. Lehen, egur handi horiek gurutzatuta nituen. Izugarri sufritzen nuen. Orain, ia urte guztian horiekin saiatzen naiz, eta finalean eroso sentitu naiz egur handi horiekin; berriro ere horrela ibiltzeko gogoarekin.


Sei finalisten artean lehia bat baino gehiago ikusi dira. Apusturen bat ateratzeko aukera polita egon daiteke.
Nik uste galtzeko beldur handia dagoela. Zaldi handi horiek irabazteko gutxi daukate, eta jokoa kontuz egin nahiko dute. Nik uste badagoela gaia joko on bat egiteko, baina ez dakit inor animatuko den. Horrelako jokoren bat ez baldin bada egiten, aurtengo negua gatzgabea gera daiteke. Nik uste norbaitek zer edo zer egin beharko duela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!