«Final hau ikusteko oso polita izango da»

Asier Imaz 2017ko urr. 12a, 11:59

Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkolarien Txapelketaren finala igandean jokatuko da Donostian, 18:00etan, J. A. Gasca kiroldegian. Joseba Otaegi zizurkildarra bertan izango da.

Jon Irazu kanpoan geratu ondoren, finalean eskualdeko ordezkari bakarra egongo da: Joseba Otaegi (Zizurkil, 1983). Iaz, Aitzol Atutxaren atzetik bigarren geratu zen zizurkildarra. Igandean ondorengo lana egin beharko dute sei finalistek: 54, 60 eta 72 ontzako launa enbor ebaki.

Iganderako nola zaude?

Gogoarekin eta animatuta. Urteko egunik handiena da eta ustez ondo iristen naiz, beraz, gustura.

Urteko egunik handiena, eta finalerako sailkatzea nahikoa sari dena. 

Lasaitu ederra hartzen duzu. Ni aizkoran hasi nintzenean oso markatuta zegoen. Finalean lau edo bost finko zeuden. Borroka seigarren postu horretarako egiten zen. Orain berriz ez da horrelakorik ikusten. Atutxa eta Vicente egon daitezke hor, baina kontua da Atutxa bera bosgarren sailkatu zela kanporaketan. Ni seigarrena izan nintzen, eta azken egurrean buelta batera eman genuen.

Edonor egon zitekeen finalean.

Gu aurreneko txandan aritu ginen lanean: Atutxa, Azurmendi, Irazu eta ni. Ondo joanez gero, aurrera egiteko aukera asko ikusten nituen. Lanak bukatu, dutxatu eta bigarren txandakoak ikusten hasi ginen. Larrañaga eta Mugertza borrokan ari ziren, eta Rekondo atzetik. Kontua da Rekondo gure denborak egiten ari zela. Gero behera egin zuten pixka bat, baina parekotasuna izugarria izan zen. Bigarren mailan ere gauza bera geratu da. 20 segundoren barruan sailkatu dira sei finalistak.

Atutxa ez al zenuen lasaiegi ikusi kanporaketan?

Nik uste txapelketa honetan bi aizkolari mota daudela. Finalera begira entrenatzen dutenak eta besteok. Atutxa, Azurmendi bera, nik uste finaleko lana entrenatzen dutela. Kanporaketan lan erdia egiten dugu, eta hor aldea dago. Nik, adibidez, sailkapena bakarrik entrenatzen dut. Gero hiru aste edo hilabetea duzu finala prestatzeko; eta egiten duzun guztia ondo etorria izango da. Azkenean maila jokatzen ari gara, eta gu bezala tarte handirik ez duenak, hor asko jokatzen du.

Beste horiek horrela prestatzeko aukera, irabazia dutela esan daiteke. Besteak beste, biak Euskal Herriko txapeldun geratuak direlako.

Bai, zalantzarik gabe. Gero urte guztian elkarrekin ibiltzen gara han eta hemen. Erakustaldi batzuetan saiatzen gara taktika aldatu eta pixka bat estutzen. Baina beti irabazten bukatzen dute. Eta hori beraiek ikusten dute. Iaz desberdina izan zen. Iker Vicente behetik gora zetorren, eta Urrezko Aizkoran irabazi egin zion Atutxari. Alde horretatik, aurten baino urduriago zegoela uste dut.  

Baina beste behin, iaz Atutxak lan handitan parekorik ez duela erakutsi zuen.

Eta nik uste faborito nagusia bera dela aurten ere. Hala eta guztiz ere, ez zen izango izugarrizko ezustekoa txapela ez balu irabaziko.

Azurmendi ere aipatu duzu. Gipuzkoako txapelduna berriro ere sasoi betean dagoela dirudi. 

Eta gustuko lana du finalekoa. Iaz finaletik kanpo bi segundogatik geratu zen. Eta urte txarra egin izan balu bezala hitz egiten dute batzuek. Bi segundo aizkoran ez da ezer. Rekondok eta berak lote bera zuten, eta leitzarrak ere denbora asko galdu zuen.

Eta beste kontu bat ere bada hor. Aizkoratik bizi den inor gutxi dela. 

Egun handiak tokatzen direnean, jendetza biltzen da. Zu aurrean jartzen zara, eta dena eskatzen dizute. Baina zuk berdina izaten jarraitzen duzu, hurrengo egunean seietan jaiki behar duena. Nik ez dakit nola, baina hala eta guztiz ere izugarrizko lehia dago. Niretzat hori da politena.

Parekotasun horren handitasuna, inork baino hobeto Mugertzak erakusten du. 

Mugertza oso aizkolaria da. Erraz egiten du, eta horrela egin beharra dauka duen gorputzarekin. Behetik gora zetorrenean, bigarren mailan tope bat bezala izan zuela uste dut. Ez da ahaztu behar 5-6 urtetatik hauek aizkoran dabiltzala. Pixka bat nekatuta bezala ikusten nuen. Baina gero, duela hiru bat urte, aurreneko mailara igo eta ilusioa berreskuratuko balu bezala izan zen. Orain izugarrizko mailan dago. Behar bada lau oinbiko horietan pixka bat jaitsi egingo da, baina hortik argi pixka batekin ateratzen baldin bada, bere burua hor ikusten baldin badu, kontuz. Guk 90 kiloko pisua botatzen dugun bitartean, hura 77 kilotan dabil, baina argi!

Larrañaga ezkutuan ikusten al duzu?

Ez. Hura oso ezkutuan ez dago. Gipuzkoako Txapelketan ere hor ibili zen. Hiru edo lau urte daramatza Gipuzkoakoan lehen mailan, eta erdietan txapela atera duela uste dut. Berari esaten diot, aizkolari trastea dela. Berezia, oso indarkakoa. Baina iraun egiten du. Oso izaera baikorra dauka. Hura beti gustura dago egiten duen lanarekin. Eta finalean kontuz. Lanak aurrera joan eta borrokan ikusten baldin badu bere burua, kontuz. Atutxa nire ustez hasieran zuloa zabaltzen saiatuko da, eta Larrañaga eusten ikusten dut. Biak elkarrekin borrokan hasten baldin badira, Vicente eta Azurmendi ez dira urruti ibiliko atzetik etorri eta aurrera egiteko. Benetan, final hau ikusteko oso polita izango dela uste dut. 

Eta Joseba Otaegi?

Lanak ondo osatzeko konfiantzarekin eta bermearekin nago. Iaz egur handitan asko ebaki genuen. Lehen akats hori nuen. Entrenamendu luzeak egiten genituen, baina egur txikiekin. Iazko finala prestatzen hasi ginenean, egur handiak ere sartu genituen, eta aldea nabaritu nuen. Agian, orain ez daukat garai bateko hasiera hura, baina lanean sartuta eusteko berme gehiago daukat. Iaz bezala, lan on bat egitera aterako naiz. 

Zure gustuko lana al da finalekoa?

Ez. Lehen aldiz iazko finalean gozatu nuen lan hau. Orain arte, hasi eta lehen lau egurretan nire burua erraz ikusten nuen, besteekin batera. Baina gero, oinbikoetan hain erraz geratzen nintzen atzean… Inpotentzia horrekin aritzen nintzen, eta gainera lau ebaki behar. Iaz asmatu genuela uste dut, eta hasi eta buka nire lana egitera joango naiz. Bukaerara hori iristen baldin banaiz, iaz bezala, azken bala hori hor izango dudala pentsatzen dut. Amaiera horietan ondo moldatzen naizela uste dut. 

Gakoa non egongo da?

Erdiko egur handi horietan. Hor dago txapelketa. Besteei eusteagatik horra orratz gorriarekin iristen baldin bazara, lan handia izaten da hor. Aizkolari bakoitza desberdina da, eta batzuei hasieran zuloa irekitzea gustatzen zaie; eroso sentitzen dira abantaila horrekin. Nire kasuan parean joatea gustatzen zait, eta bukaerarako erreserba pixka batekin.

Aizkoren garrantzia ere hor dago. 

Ideia bat egiteko: fisiko aldetik, 40 minutuko lan batean bi minutu hobetzeko, izugarrizko lana egin behar duzu. Erreminta bat edo bestea erabili, denbora hori lor dezakezu. Australiatik aizkorak sartu zirenean, hemengoekin alderatuta, 20 kanaerdikotako lan batean, 10-12 minutuko aldea zegoela esaten zuten. Pentsa erremintak nolako garrantzia duen. Eta gaur egun ere, nahiz eta denok antzekoak erabili, badago aldea.

Zenbat aizkora eramango dituzu finalera?

Ibiliko ditudan hiru finko edo nolabait esateko titularrak, eta gero beste hiru ordezko.

Zein da bakoitzaren funtzioa?

Bata azalerako, bestea barrurako eta hirugarrena oinbikoetarako, kirten luzeagoarekin. Hiru horiekin moldatzea seinalerik onena izango litzateke; dena ondo joan dela esan nahiko baitu. Zalantza barrukoarekin daukat, bat edo bestea eman. Egunean bertan erabakiko dut, beroketak egiterakoan eta egurra ikustean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!