Bigarren hamarkadara iritsiko da igandean Zizurkilgo Azoka Berezia

Ataria 2017ko ira. 28a, 14:36

Teodoro Hernandorena kalean 23 nekazari postu egongo dira ikusgai eta 19 artisau postu, berriz, Intxaur pilotalekuan.

Urte asko igaro diren arren, urteen joanak ez die, «ez nekerik, ezta asperturik sortu» Zizurkilgo Azoka Bereziaren antolatzaileei. Udalak eta Zizurkil Goiko festa batzordeak elkarrekin jarduten dute azoka prestatzen eta Maite Amenabar alkateordeak aipatu duenez, «talde sendo bat izateak zeresana du festaren arrakastan; gauzak guztiak ondo ateratzeko boluntarioen lana ezinbestekoa da».

Berritzeko eta hobetzeko grinak bizirik jarraitzen duela adierazi du Amenabarrek, eta aurten, nobedade gisa, ikusleak partaide bihurtu nahi dituzte. Goizean, esaterako, jostailu eta buztin tailerrak egongo dira azokan postua jarriko duten Kromosoma tailerraren eta Rafa Aranaren eskutik. Arratsaldean, berriz, eskultura kooperatiboa, kandela eta baratze tailerrak eskainiko dituzte Bilboko Acces Cultura elkarteko kideek, besteak beste. «Eurek egindako produktuak eskuetan dituztela joan ahal izango dira etxeko txikienak, egun batez artista eta nekazari bihurtuta», esan du alkateordeak.

Tailerrez gain, puzgarriak egongo dira etxeko txikienentzat goiz eta arratsalde. Horrez gain, Zizurkilgo Danena txirrindulari eskolak jarduerak antolatu ditu 2006 eta 2009 urteen artean jaiotako umeentzat, Lartingo zelaietan. Arratsaldean, ponietan ibiltzeko aukera ere izango dute umeek. Gainera, herriko San Millan eta Pedro Mari Otaño ikastetxeetakoek eta guraso elkarteek jpostua arriko dute Intxaur frontoian eta Tolosaldeko Turismo Bulegoak ere ipiniko du berea, eskualdeko parajeen berri emateko.

Baserritar eta artisau postuak

Azoka Bereziaren helburua, ordea, baserritar eta artisauek egiten duten lana erakustea da. Teodoro Hernandorena kalean 23 janari postu jarriko dira eta sei herrikoak izango dira. Nekazari elikagaiak eramango dituzte herriko Josefa Imazek, Nerea Asurmendik eta Loidi baserrikoek. Menditarteko etxeko produktuak ere salgai izango dira eta Garazi loradendak izango du bere txokoa azoka berezian. Artisau postuak 19 izango dira eta Zizurkil bertako Sagario Jauregiberri, Juani Alkorta, Luixi Goikoetxea eta Dario Artetaren lanak erakutsiko dira.

Azoka zabalik izango da 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 19:30era. Eguerdian, herri bazkaria izango da eta azken urteetako bide beretik antolatu dute Aitor Sarasua Nekazaritza zinegotziak aipatu duenez, «salda, bertako postuetako enbutidoa, bertako barazkiekin egindako paella erraldoia, Mahalako yogurra, kafea eta txupitoa izango dira menuan». Ohi bezala Zimiterioan eskainiko da eta bertara joateko txartelak 15 euroan dira salgai Iriarte eta Egarri tabernetan.

Bestalde, arratsaldeko 18:30ean, Euskadiko lasto altxatze txapelketa jokatuko da eta ondoren, herri kirol erakustaldia izango da herriko aizkolarien eskutik: Joseba eta Unai Otaegi, Jon Irazu eta Alazne Etxaburua ariko dira saioa eskaintzen.

Joan etorriak erraztu eta mugikortasun arazoak ekiditeko, aurten ere doako autobus zerbitzua jarriko dute. Bulandegiko errotondatik eta Zubiaurretxoko bidegurutzetik irtengo dira 10:45etik aurrera; behera jaisteko azken autobusa, 20:30ean aterako da. «Autobusa erabiltzeko gonbita zabaldu nahi dugu, guztiontzat hobea izango baita», esan du Sarasuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!