Zein izaten da zure ohiko jarduna Bertsozale Elkarteko komunikazio teknikari gisa?
Komunikazio sailean ez nago ni bakarrik. Ardura horietarako bi lankide gaude, eta gure artean banatzen ditugu lanak. Gure egitekoa, kanpora begira eta barrura begira komunikazioa gauzatzea da. Kanpoari begira hedabideak eta bazkideak informatu behar dira, baina elkarteek euren artean ahalik eta komunikazio egokiena eduki behar dute. Sei elkarte gara eta ohiko jardunean oreka hori mantentzea dagokit. Nire jarduna zein den errazago ulertzeko, sare sozialak kudeatu, prentsa oharrak bidali, hedabideek dituzten eskaerei kasu egin, bazkideei berripapera bidali, komunikazio ekintzak egin, bertsozale.eus elikatu... horretan aritzen naiz.
Villabonan egiten duzu lan.
Bai, Villabonako Subijana etxean. Euskal Herriko Bertsozale Elkartea bertan dago kokatuta, Xenpelar Dokumentazio Zentroarekin eta Mintzola Ahozko Lantegiarekin batera. Hiru proiektuak lotuta daude.
Lanak asko ugaritzen al zaizkizue txapelketak datozenean?
Duela bi urte hasi nintzenez, ez dut sekula Txapelketa Nagusi bat barrutik bizitu izan. Gipuzkoakoa zegoen martxan lanean hasi nintzenean, eta gainerako herrialdetakoak ezagutu ditut, baino Txapelketa Nagusirik ez. Lurraldeka antolatzen direnak bertako elkarteetakoak kudeatzen dituzte, nagusiki, eta guk Euskal Herriko elkartetik babesa eta laguntza ematen diegu. Txapelketa Nagusiak, honek bai, bete-betean harrapatzen gaitu. Ikusgarritasun handiena du elkarteak antolatzen dituen ekimenen artean eta horrek eskaera gehiago dakar kanpotik. Oihartzun mediatikoa ere sortzen du eta horrek eragin zuzena du gure lanean. Jende askoren lanari esker, talde profesionalari eta borondatezko langileei esker, sekulako oihartzuna lortu duen ekitaldi bat da.
Txapelketa Nagusiak zein organigrama du?
Ez da erraza azaltzen baina saiatuko naiz. Elkarteak hiru zutabe nagusi ditu: sustapena, bertso egunak, txapelketak eta bestelakoak antolatzeaz arduratzen dena; transmisioa, hor sartzen dira hezkuntza arautuarekin eta aisialdiarekin, bertso eskolekin lotura duten egitasmoak, bertso; eta ikerkuntza, hor sartzen dira Mintzola Ahozko lantegiak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak egiten duten jarduna. Txapelketa Nagusia, hortaz, sustapen sailaren barruan sartzen da eta ardura nagusia berak darama. Txapelketarako propio talde antolatzaile bat sortzen da, non talde profesionaleko langileak eta borondatez aritzen direnak biltzen diren. Gutxi gorabehera, 20 bat lagun gara batzorde horretan aritzen garenak.
Talde antolatzailea da erabakigune nagusia?
Bai, koordinazioa lanak egiten ditu. Talde ezberdinetako kideek dute ordezkaritza bertan eta beste batzordeetako zalantzak bertara eramaten dira.
Noiz hasi da lanean talde antolatzaile hori?
Iazko udazkenean hasi ginen biltzen. Ohikoan lehenago hasten gara, baina 2016ko uztaila bitartean, Mintzolak antolatuta Donostia 2016 ekimenaren barruan Europa bat-batean gauzatu zen, munduko kantu inprobisatzaileak etorri ziren eta ekitaldi potoloa izan zen guretzako. Hori pasata hasi ginen iaz.
Zer martxa eraman duzue orain arte?
Talde antolatzailean txapelketari dagozkion irizpideak markatzen dira eta horietatik abiatuta egiten dute lana gainerako batzordeak. Printzipioz hilean behin bildu izan gara, nahiz eta tarteka beharrak horrela eskatuta bilera gehiago ere egin izan diren.
Talde-buru lanak egiten dituen pertsonarik ba al dago bertan?
Talde gisa egiten dugu lan, baina sustapen saileko arduradunak hartzen du pisu handien. Sail guztiak hartzen ditu txapelketak, elkar eraginean daudelako denak, baina koordinazio lan guzti horiek berak egiten ditu, begiak leku guztietan ditu.
Gauza asko erabaki beharko da aldez aurretik, ezta?
Azpiegitura lanak sekulakoak izaten dira. Saio bakoitza non egin erabaki behar da. Segurtasun irizpideak, soinu irizpideak, dagoen ingurunea... mila gauza hartu behar dira kontuan. Ni ere, segur aski, ez nintzen horren jakitun lanean hasi nintzen arte.
Badago erabaki politiko bat ere. Lurraldetasunaren irizpidea txertatua du elkarteak.
Nik uste bazela erronka bat. Lurralde guztietara iristea helburua zen eta aurten ahalegin bat egin eta lortu da. Iruditu zaigu merezi duela. Bertsozaleak toki guztietan ditugu eta txapelketa lurralde guztietara iristea errealitate baten isla da. Bertsogintza presente dago lurralde horietako bakoitzean: daude elkarteak, bertso eskolak, bertsolaritza irakasten duten irakasleak, borondatez bertso saioak antolatzen dituztenak... horiek ere merezi dute euren lurraldean, euren etxean txapelketako saio bat edukitzea.
Zein izan da zure zeregina, Txapelketa Nagusia hasi bitartean?
Batetik komunikazio sailari egokitu zaio irudia lantzea, karteldegia, hedabideekin harremana egitea, publizitatea, web gunea, sare sozialak, prentsaurrekoak prestatzea, deialdiak... Hori da gure egitekoa beste egitasmo guztiekin eta Txapelketa Nagusian lan bolumena ugaritu egiten da.
Harreman ona duzu hedabideekin?
Bai enpatia dezentea dut. Beste aldean egotea ere tokatu zait eta badakit zer den. Orain alde honetatik, ahal den neurrian laguntzen saiatzen naiz.
Komunikatiboki lanketa bereziren bat egin nahi izan da zenbait txapelketetan. Aurten horrelakorik izango al da?
Prozesu parte hartzaileen bidez egiten dugu lana Bertsozale Elkartean. Talde bat egon da iruditegia prestatzen eta bertan elkarteko langileak eta borondatez jardun duten bertsozaleak egon dira. Argi geneukan ez genuela mezu zehatzik nahi eta 2013an bezala bertsogintzan jarri nahi genuen arreta guztia, begirada bertan jarri nahi genuen. Azken finean, bertsogintza sustatzeko helburuz antolatzen da Txapelketa Nagusia. Mezu zehatzik ez, eta estetikoki polita den irudi egokia erabili nahi izan dugu.
Nola bizi duzue elkarte barruan Txapelketa Nagusia? Zein espektatiba duzue?
Esperientzia handia duen jendea badago elkartearen barruan, beste txapelketak ere ezagutu dituztenak. Badakite zer datorren eta aurreikuspenak egiten eskarmentua dute. Ilusio handiz bizi dut nik, gogoz eta indarrez.
Urtean zehar ekimen asko antolatzen ditu elkarteak. Txapelketaren zurrunbilo horretan iparrik ez galtzea ere izango da zuen helburua.
Bertsozale elkarteak beste egitasmo batzuk dauzka urtean zehar eta datozen asteetan ere. Hezkuntza arautuan, esate baterako, bertsolaritza eskaintzen zaie 25.000 gaztetxori Euskal Herri osoan zehar. Sekulako lana egiten ari dira irakasleak eta ikastetxeak. Hori bat da, beste ekimen asko egiten dira eta zerrenda amaigabea da. Argi utzi nahi dugu, Bertsolari Txapelketa Nagusia ez dela ekimen isolatu bat, ikusgarritasun handiena duena bai, baina lau urtetik lau urterako tarte horretan ere beste hainbat egitasmo egiten dira. Txapelketa Nagusiak ekimen horiek plazaratzeko eta aldi berean sostengatzeko aukera ematen digu.
Bazkideen babesa garrantzitsua da?
Bertsozale Elkartea bazkideen sostenguari esker ari da lanean eta eskertzekoa da. Bertsogintzaren inguruan dabiltzan agente ezberdinei esker ateratzen da aurrera Txapelketa Nagusia, baina baita beste hainbat ekimen ere.
Aurten abonamendua bazkideei bakarrik eskainiko zaie.
Bai. Eskerrona adierazteko, hainbat abantaila izango dituzte. Abonamendua beraientzat bakarrik izango da salgai eta finalaurreko eta finaleko sarrerak eskuratzeko lehentasuna izango dute. Dagoeneko eskuragarri dituzte. Gainerako bertsozaleek urriaren 2ra arte zain egon beharko dute.
Bertsogintza zein momentutan dagoen erakusteko argazki bat al da txapelketa?
Azkenean, lurralde ezberdinetan ematen diren bertso saioetan bestelako argazkiak topa ditzakegu. Lurralde guztiak batera argazki berean ikusteko aukera ematen du Txapelketa Nagusiak, denok batuta. Oihane Perea, Odei Barroso eta Miren Amuriza ikusi ahal izango dituzu oholtza gainean eta azpian berriz, Nafarroako, Gipuzkoako eta Iparraldeko bertsozaleak.
Biharamunean pentsatzen al duzue Txapelketa Nagusia prestatzen duzuenean?
Oraingoz pausoz pauso goaz. Lau urtetik behin egiten den ekitaldia izanik, neurria hartua dio Bertsozale Elkarteak berak. Zer nahiko genukeen? Aho zapore gozoa uztea. Bertsolaritza urrun ikusten duenari zerbait iristen bazaio edo bertsozale denari gogoz uzten badio txapelketak, hori seinale ona izango da. Kate honek ez dezala etena izan. Apar horrek behera egin behar badu ere, eta hori gertatzea normala da, bertsozale oinarri sendo bat gera dadila txapelketa bukatzerakoan. Balio dezala hurrengo lau urteetan egingo diren ekimenak elikatzeko.
Borondatezko lana ezinbestekoa da Txapelketa Nagusia bezalako ekimen bat aurrera ateratzeko?
Bai. Tolosaldean Harituz dugu eta beste eskualdetan ere ari dira bertsozale taldeak, inurri lana egiten. Lan jardun horiek guztiak tokian-tokian zabalduz eta gauzatuz.
Benetako ekitaldia BECeko finala da.
Horrek hartu du oihartzun handia. Azken emanaldiaren indarra du, baina txapelketa aurrez dauden saioak ere osatzen dute, txapelketa maratoi luze bat baita Barakaldora iritsi bitartean. Jende asko joaten da eta hori kudeatu behar da, xehetasunak eman behar zaizkio, informazioa bideratu eta han egongo diren hedabideak zaindu. Lan taldeak berak ere bolumena hartzen du eta hori kudeatu egin behar da.
Lan taldea zabaldu duzue horretarako?
Nafarroako elkartean aritzen den lankidea gurekin ari da. Txapelketa Nagusirako indartu eta sendotu egiten da lan taldea, errefortzuak behar izaten ditugu, eta hortaz, komunikazio sailean beste pertsona bat aritzen da hilabete hauetan.
Txapelketa jarraitzeko aukera izango duzu?
Bertso saioan egoten gara presente, baina antolaketari loturiko beste konturen batean bazabiltza, haria galdu dezakegu. Baina eskerrak, bertsoa.eus eta Hitzetik Hortzera eta hedapen talde bikaina dugun. Horiei eskerrak berriz entzun ahal izango ditugu bertsoaldiak. Momentuan, guztia ondo atera dadin, beste lehentasun batzuk izaten ditugu eta beste ardura batzuk.