Erretiroa hartu nahi, baina...

Asier Imaz 2017ko ira. 22a, 09:37

Danok Danena Halterofilia taldeak Batis Kortajarena omendu zuen iragan larunbatean, Zizurkilen.

Omenaldia egin behar ziotela esan ziotenean, ez zuen larunbatekoa espero. Gogorra izanagatik, hunkiturik ikusi zuten Batis Kortajarena Zizurkilgo Intxaur frontoian. Ibilbide oso bat omentzeaz gain, prestatzaileari inguruan ibilbide osoa elkartu zioten: Haurtzaroan entrenatu zituen pultsulariak gizon-emakume bilakatuta, Madriletik etorritako federazioko lagunak, eskualdeko pultsulari eta pultsulari ohiak, senideak, herri kirolariak, lagunak eta ez daudenen izenean jasotako besarkadak. Villabona-Zizurkilgo Danok Danena Halterofilia Taldeko kideek, kazetariak ere malkoetan utzi zituen omenaldia antolatu zioten 66 urteko gizasemeari. Baina ez zen adio bat izan; jarraipena izango du. 

Batis Kortajarena zizurkildarra duela 47 urte hasi zen halterofilian, kirolari bezala. Azken 39 urteak, ordea, prestatzaile lanetan pasa ditu. Asteasuko Hondartza baserriaren izenarekin lehiatzen ziren pultsulariak aitona eta osaba zituen, eta ez nolanahikoak: «1896. urtean, Zazpi lurraldeetako txapelketa irabazi zuen aitonak, Antonio Kortajarenak. Urte horretan, aro modernoko lehen Olinpiar Jokoak jokatu ziren, Atenasen (Grezia). Juanito Kortajarena osaba ere txapeldun geratu zen gerra aurretik», gogoratzen du Batis Kortajarenak.

Garai haietan, Olinpiar Jokoetan bezala, Euskal Herrian halterofilian ibiltzen ziren pultsulariak zeuden. Uste horretakoa da zizurkildarra: «Aitona eta bere anaia bat Ameriketara joan zirenean, zirku batean ibili omen ziren pultsulari bezala. Horrelako zaletasuna edukitzeko, hemen zerbait egon beharra zegoen. Gero, badakit Bizkai aldean, Markina inguruan, modu horretako pultsulariak izan zirela». Puska luzea eta puska motza ziren orduko modalitateak, eta teknika oso desberdina zela dio Batis Kortajarenak: «Bere garaian ikasteko aukera izan nuen. Besoetan indarra izateaz gain, oso bizkorra izan behar zenuen. Kolpe geldoa emanez gero, puska erori egiten zitzaizun. Jaisten hasi aurretik beste kolpea eman behar zenion». Berunezko pisuekin aritzen ziren orduan, eta prestatzailearen esanetan, jasotzen zuten pisua jasotzen zuten moduan jasotzeagatik izugarrizko meritua zuten. «Baina zoritxarrez gaur egun modalitate hori galdua dago. Pena da».

Gauzak eta ohiturak galtze hori ez zaio batere gustatzen Batis Kortajarenari. Agian, Beraunen bizitako esperientziagatik izango da. Eta agian, horrek erakusten du zergatik egiten zaion horren zaila erretiroa hartzea. «1981ean Beraunera joan nintzen entrenatzaile bezala. Ez sinesteko moduko harrera izan nuen. Egunero 40 haurretik gora ibiltzen ziren. Gero hona etorri nintzen, eta zoritxarrez, Beraunekoak ez zuen jarraipenik izan. Danok Danena Otaño ikastetxean zegoen orduan. Hemen ere erantzuna izugarria izan zen. Herri txikiak ziren Beraunekin alderatuta, baina neska-mutil piloarekin lan egitera iritsi ginen. Banuen zerrenda bat hor, gutxienez lehiaketa batean parte hartzera iritsi zirenekin osatua. Mutilak 128 ziren, eta neskak 29. Zizurkil eta Villabonakoak guztiak».

Erretiroa hartzeko garaia iritsi zaiola esaten dio bere buruari, «neure burua mantentzeko lana serio hartu nahiko nuke». Aldi berean, badaki kolpetik uztea ezinezkoa izango dela: «Esan nien pixkanaka apartatzen joango nintzela. Zarautzen prestatzaileentzat ikastaro bat antolatu nuen. Hemengo batzuk joan ziren, baina gero lanagatik edo ikasketengatik ez da erraza izaten ardura hartzea. Helduenak gaztetxoenak prestatzen hasi dira, eta hori ikusten da. Baina bakoitzaren urteko plangintza egitea ez da hain erraza izaten, eta horretan oraindik esku bat botatzen jarraituko dut. Hori bai, ez dut nahi kiroldegira 16:30ean sartu eta 22:00ak arte bertan egoterik. Horrela hitz egin genuen». Hori esaten duen bitartean, bezperan kiroldegitik 21:30ean irten zela onartzen du zizurkildarrak, umore onez.

Lotura horiek nahikoa ez, eta seme gazteena halterofilian hasi zaio: «Poza hartu nuen. Futbolean ibiltzen zen, baina bi anaia zaharrenak halterofilian ibiliak ziren, Europako txapelketetan, Madrileko Blume-n edo Bartzelonan. Argazkiak eta trofeoak beti etxean egon dira. Egun batean, altxatzen erakutsiko ote nion galdetu zidan. Nola esan ezetz. Amari ez zitzaion asko gustatu, baina azkenean hor hasi ginen. Futbola utzi eta halterofilian hasi zen, eta nahiko ondo gainera. Euskadiko errekorrak egiten ari da. Azkenean, gutxiago edo gehiago, hor jarraituko dut». 

Espainiako hautatzaile papera ere hor dago. Lehendakari berria sartu zenean, berarekin kontatzen zuela esan zion Kortajarenari, eta honek: «Ez nuen ezetz esateko adorerik izan». Orain, hautatzaile edo laguntzaile moduan jarraitzen du, eta zentzu batean, gustura: «Ez du lan asko eskatzen horrek», dio.

Larunbateko omenaldian, Zizurkilen herri kirol munduko hainbat izen ikusteko aukera izan zen. Gibitegi harri-jasotzailearen eskutik sartu zen herri kiroletan Batis Kortajarena. Ondoren, besteak beste, Aimar Irigoien eta Joseba Otaegirekin lan egiteko aukera izan du. Erretiroa argien, agian, hemen dauka Kortajarenak: «Buru hauste handia izaten da. Apustu bat tarteko baldin bada, adibidez, astean lau egunetan kirolariaren gainean egon behar izaten da. Neketsua eta gogorra da». Baina, noski, «azkenean kariñoa hartzen diezu, eta seme baten pare ikusten dituzu. Laguntza eskatuz gero, nola esan ezetz seme bati?».

Bere buruari exijitzen diona eskatzen die kirolariei. Zorrotzaren eta gogorraren fama hortik datorkio, eta berak ondo daki hori: «Gipuzkoako txapeldun izan daitekeela ikusten baldin baduzu, zer eskatzen diozu? Edo Espainiako txapeldun izateko dohainak dituenean? Bakoitzak ahal duen guztia eman behar duela uste dut, bere aukera guztiak probestuz».

Zenbat aldiz entzungo ote dute bere neska-mutilek oihu hori urte guzti hauetan? Ikasgaia ondo ikasia duten ikasleek, Pepo eta Lurdes Sarasuaren gidaritzapean, omenaldia filosofia horretan oinarrituta antolatu zioten maisuari. Eta horretaz, egunean bertan jabetu zen Batis Kortajarena: «16 urtez Espainiako federazioko presidente izan dena nire etxeko ate aurrean bere emaztearekin ikusi nuenean… Zer demontre antolatu dute? pentsatu nuen. Gero handik eta hemendik etorritako jendea ikusi nuen, eta erabat gainditurik sentitu nintzen. Zer egin ez nekiela nengoen. Etxera alde egiteko gogoa nuen; korrika handik alde egin nahi nuen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!