Azalari aurpegia jarri diote

Jon Miranda Labaien 2017ko ira. 6a, 07:59

Irailaren 30a arte Aiztondoko Plazida Otaño liburutegian 31 argazkiz osatutako 'Bookface' erakusketa izango da ikusgai; erakusketa gelan eta liburutegian jarri dituzte lanak.

Liburu baten azalean norberaren aurpegia txertatuz argazkia ateratzeari esaten zaio bookface. Duela pare bat urte egin zuten lehen aldiz proposamena New York-eko liburutegi publikoan eta orain ekimena Aiztondoko Plazida Otaño liburutegira iritsi da. 31 argazkiz osatutako erakusketa irailaren 30era arte izango da ikusgai.

«Irakurzaletasuna bultzatzeko modu polita iruditu zitzaigun», esan du Irene Urruzolak Plazida Otañoko liburuzainak. Arantxa Zabala liburutegiko arduradunarekin batera osatu du erakusketa eta jendeak parte hartzeko agertu duen prestutasuna azpimarratu du: «Espero genuena baino harrera hobea izan du».

 

 

BAILARAKOAK PROTAGONISTA

Liburutegiko funtsak begiratu eta argazkietarako ezaugarri aproposak izan zitzaketenak aukeratu zituzten aurrena. «Gero, norbaitek liburuaren azalekoarekin antza zuela iruditzen bazitzaigun argazkia ateratzea proposatzen genion». Mugikorrarekin ateratakoak dira guztiak eta okasio pare batean baino ez dituzte moldatu behar izan jantziak.

Liburutegiko erabiltzaileak dira, beraz, argazkietan ageri direnak, «den-denak bailarakoak». Ostiralean egindako inaugurazio ekitaldira gerturatu ziren horietako asko eta liburuetako azalen atzean ezkutatzen ziren aurpegiak zeinenak diren asmatzen jardun zuten.

Jolasak jarraitzen du liburutegiko lau paretetatik harago, Interneten. Plazida Otañok sare sozialetan zintzilikatu ditu, dagoeneko, erakusketan ikusgai diren argazkietako batzuk, #bookface traola erabilita. «Erakusketa ikustera gerturatu ezin den jendearengana iristeko modu bat da eta adin guztietako publikoarengana gerturatzeko erabiltzen dugun bidea». Liburuak gomendatzeko irudimena erabiltzea da ekimenaren helburua eta argazki bildumak erakusten du liburutegiak ez direla toki aspergarriak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!