Joseba Otaegik lehen mailarako jauzia egin du

Asier Imaz 2017ko uzt. 4a, 12:18

Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketaren finala irabazi du zizurkildarrak; Jexuxmari Mujika ibartarra bosgarren geratu da.

Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketaren finala igandean jokatu zen Usurbilen. Sei aizkolariren arteko lehia izan zen, aldaketa batekin, ordea. Jon Irazu finalisten artean zegoen, baina gerrietako minez, zizurkildarra etxean geratu zen. Bere lekua Mugertza III.ak bete zuen, kanporaketan zazpigarren egin zuen aizkolariak. Finalak sari nagusia zuen: irabazleak lehen mailan jokatzeko txartela lortzen zuen.

Lau kanaerdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar zituzten aizkolariek. Xabier Zaldua indartsu hasi zen, eta lehen enborrean aurrea hartu zuen. Joseba Otaegi, ordea, ez zen urruti izan, eta hurrengo egurrean guztien buru jarri zen zizurkildarra, lehen 60 ontzakoa aurrena ebakiz. Tarteak handituz jarraitu zuen, eta Otaegik lehen mailako aizkolaria dela erakutsi zuen.

12 minutu eta 33 segundo behar izan zituen txapeldunak bere lana amaitzeko. Bigarren postuan Zaldua gelditu zen, 14.39ko denborarekin. Hirugarrena Eneko Otaño izan zen (14.43); laugarrena Luis Txapartegi (15.12); bosgarrena Jexuxmari Mujika (16.44) eta seigarrena Aratz Mugertza (17.11). Ibartarrak Mugertza III.arekin lehia polita izan zuen, azken postutik ihes egin nahian. Hurrengo urtean Mujikak bigarren mailan jarraituko du, Usurbilgo garailea bakarrik igotzen baitzen Gipuzkoako lehen mailara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!