Zizurkilek, ez du finala jokatuko

Jexux Murua 2017ko eka. 23a, 23:32
Oiartzuarrak pentsakor. Ekaitz Etxeberria eta Xabi Lasa, adi-adi, Jon Erasunen aholkuak entzuten

Ez, ezin izan dute Zizurkilgo pilotariek Oiartzungo taldea garaitzea lortu. Zizurkilgo frontoia bete-bete egin da lehen partida jokatzen hasterako eta ez zaie herritarren babesa falta izandu. Kadeteetan irabazi egin dute zizurkildarrek baina jubenil eta nagusien mailan galdu. Tanto gorabeheragatik oiartzuarrak sailkatu dira Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finala jokatzeko, datorren larunbatean, Azpeitiaren aurka.

Kadeteek eman diote hasiera lehiari arratsaldeko 18:30etan puntuan. Jaon den astean 22 eta 8 irabazi zuten Xabi Lasa eta Ekaitz Etxeberria zizurkildarrek eta, oso zaila irudituagatik, antzeko emaitza bat lortu nahian plazaratu dira. Unai eta Xabier Aburuza anaiak oiartzuarak, berriz, lau eta erditik atzera jokatzera etorri dira, aurreko koadroetan nahasteko inongo asmorik gabe. Hala, ia ordubeteko partida jokatu dute; Ekaitz Etxeberriak bikain eutsi die bi anaien erauntsiei. Arian-arian tantoak batera eta bestera erori dira eta Xabi Lasaren ausardiak jarri du diferentzia. Azkenean, 22-18 irabazi dute zizurkildarrek.

Kadeteetan irabaztea eta ahalik eta alde handiena ateratzea zen asmoa, Jubeniletan, berriz, aurreko astekoa ikusita, 22-5 galdu baitzuten, irabazi ezin bazen, ahalik eta tanto gehien ateratzea azken partidara tanto gorabehera aldekoa izateko. Oroitz Sein eta Ekain Etxeberriak ere kadeteen antzeko taktika jarri dute jokoan, atzera eta atzera, oso aukerakoetan bakarrik arriskatuz aurrean. Jo luzeko mutila da Etxeberria bi eskuekin eta lan handia egitea behartu du Mikel Arrate atzelari zizurkildarra Seinek ederki lagunduta. Bikote bikaina osatzen dute, Julen Alberdik nahi zuen aurrreko koadroetara ekarri partida, oos-oso habila baita, baina haizearen aurka aritu da gehienean eta arrisku handiak hartzera behartuta. Joaneko partidan baino tanto gehiago egin dituzte, baina alde handitxoarekin galdu dute halere: 9-22,

Gauzak honela, irabaztera behartuta iritsi dira bi taldeak nagusien partidara, Joanekoan 22-19 irabazi zuten zizurkildarrek, 12-19koari buelta eman eta gero. Hirugarren honetan ere, oiartzuarrek ez zuten ezer jakin nahi aurreko koadroetan, eta zizurkildarrek hortxe jokatu nahi. Frontisean erraz ateratzen zen eta bote harroko pilotaz baliatuta, Zigor Salaberria eta Iñigo Ugaldek behin eta berriz buruz gain pasatu dute Peru Labaka, Jokin Arregi menderatu nahian. Oso atzetik eta errematerako baldintza txarretan aritzera behartu dute aurrelari zizurkildarra. Hala lortu dute 6-21 aurreratzea oiartzuarrek. Tantoa egitea lortuta, pilota lehorrago batekin beste zapi tanto kateatzea lortu du Peruk. Honen azken erremateak zortzigarrena kateatzeko bidea zeramala txapa jo duenean lasaitu dira ordurako larritzen hasiak zeuden oiartzuarrak, joanekoa gogoan. 14-22 galduta, oiartzuarrak zoriondu eta agur esan diote zizurkildarek finalari, atari-atarian.

Txapelketa bikaina jokatu dute zizurkildarrek, oso lehiatuak izan dira Altzo, Hernani eta Oiartzuben aurkako errondak. Finaleko atearen maratila hatz muturrekin ukitzera iritsi dira. Ez da marka makala.

Gaurko emaitzak:

Kadeteak: Xabi Lasa-Ekaitz Etxeberria (Zizurkil) 22 , Unai eta Xabier Aburuza (Oiartzun) 18

Jubenilak: Julen Alberdi-Mikel Arrate (Zizurkil) 9 , Oroitz Sein-Ekain Etxeberria (Oiartzun) 22

Nagusiak: Peru Labaka-Jokin Arregi (Zizurkil) 14 , Zigor Salaberria-Iñigo Ugalde 22

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!