Pintaketak ezabatzeko eskatu du PSE-EEk

Tolosaldeko Ataria 2017ko eka. 23a, 18:11

Euskal presoen Euskal Herriratzea eskatu eta torturaren aurkako pintaketak Joxe Arregi plazan, futbol zelai ondoan eta Aurrera plazan daude. "Adierazpen askatasuna errespetatu arren", Jose Antonio Sanchez zinegotzi sozialistak pintaketak kentzeko eskatuko dio EH Bilduko Joxe Mari Luengo alkateari, "elkarbizitza demokratikoaren oinarrizko arauak urratzen dituztelako".

Mozio bat erregistratu du Sanchezek udal erregistroan hurrengo osoko bilkuran jorratu dadin eta bertan udalbatzari 1990koa den udal ordenantza, kartelen eta pintaketen garbitekari dagokiona, "arduraz" aplikatu dezan. EAJk babestu egingo du mozioa.

Zizurkilen PSE-EEk duen zinegotzi bakarrak aipatu duenez, bat egin nahi izan du pintaketa hauek kendu daitezen eskatuz udaletxera gerturatu diren bizilagunekin, "gure herriaren irudia kaltetzen dutelako". Sanchezen ustez, "EH Bilduko alkateak, modu ulergaitzean pintaketak ez kentzea erabaki du eta hori justifikatzeko erabili duen argudioa da, eraikin pribatuen fatxadetan daudela jarrita". Horregatik, alderdi sozialistak eraikin pribatuen fatxaden garbiketa diruz lagundu dezala eskatu du, "gobernuak udal brigada ez bidaltzeko erabakian jarraitzen badu".

Zinegotzi sozialistak uste du kartelak eta pintaketak ezabatzeko betebeharra duela udalak, "are gehiago politikoak badira". Zizurkilen dauden "inpunitate espazioak" desagerrarazi egin behar direla esan du Sanchezek, " ez bakarrik udalerria zikintzen ari direlako, gizalegearen kontrako jarreren aurrean gaudelako baizik".

PSE-EEk "ulertezintzat" jo du EH Bilduren jarrera, Zizurkilen pintaketak arbuiatu eta ezabatzen ez dituen bitartean, kale bateko distantziara dagoen Villabonan oso bestelako jarrera duelako: "maiatzean koalizio abertzaleak mozioa onartu zuen PSE-EE eta EAJrekin, pintaketak arbuiatuz eta euskal gizartearen elkarbizitzaren aurka doazela argudiatuz". Horregatik Sanchezek galdetu du, "Villabonan EH Bildurekin egingarria dena, zergatik ez da posible Zizurkilen?".

Hiru puntu dituen mozioa aurkeztu du PSE.EEk eta alkateari deia luzatu dio, "udalerriak ematen dituen aukeren barruan", iritzi aniztasunarekiko eta jabego publiko eta pribatuekiko errespetua bultzatzeko lan ildoak martxan jarri ditzan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!