Maroko, emakumea eta artea, batuta

Jon Miranda Labaien 2017ko eka. 23a, 11:04

Amina Chaairi (Tetuan, 1983) artistaren lanak ikusgai izango dira Aiztondoko Plazida Otaño liburutegiko erakusketa gelan, uztailaren 7ra bitartean eta egun horretan kuxinak egiteko tailerra eskainiko du bertan.

Barruan daramana erakusteko gogoa adierazi du Chaairik. Marokoko bere gaztaroko hainbat paisaia bildu ditu koadroetan eta harribitxi eta parpailekin egindako kuxinekin osatu du erakusketa. «Jendearen ustea da Marokoko emakumeok ez dakigula ezer egiten, etxeko lanetara bakarrik mugatzen garela, baina lan horiekin batera beste gauza asko egiteko gai gara», esan du Plazida Otaño liburutegiko erakusketa gelan bere lanak zintzilikatu dituen artistak.

Pintura munduan bere kabuz hasi zen, artean gaztea zela eta Marokon bizi zela. 2006an iritsi zen Chaairi Euskal Herrira eta orduz geroztik Donostia du bizilekua. «Hona iritsitakoan bolada batez utzita eduki nuen pintura, haurrak hazi eta bizimodua aurrera atera behar izan nuelako. Duela bi urte hasi nintzen berriz ere pintatzen, gogoz. Asko disfrutatzen dut margolan hauek egiten».

Lina elkartean biltzen diren emakumeekin harremana du Chaairik eta haien bitartez egin zuen harremana Tolosaldea Garatzeneko migrazio sailarekin. Eguberrien bueltan antolatu zuen lehen erakusketa Tolosako Aranburu Jauregian eta bigarrena du oraingoa. Minduta agertu da artista marokoarra Tolosan jarritako erakusketaren harira jasotako kritikekin: «komentario arrazista batzuk jaso genituen, momentuan kolpe handia jaso nuen, baina orain gainditua dut. Norberak zenbat balio duen jakin behar du eta nik gustuko gauzak egin nahi ditut nire denbora librean».

Paisaiak eta erliebea oinarri

Gaztaroan ezagutu zituen Marokoko paisaiak emateaz gainera, Espainia Hegoaldean egindako bidaietan jasotakoak ere bildu ditu bere koadroetan. «Mihise gainean margotzen dut eta gero hainbat elementu gehitzen dizkiot koadroari erliebea emateko. Oihala, kortxoa, kristala, zementua eta belarra erabili izan ditut, adibidez. Koadro hauetan kortxoa erabili dut gehienbat».

Azkeneko hilabeteetan egindako 15 lan dira Zizurkilen ikusgai jarri dituenak eta paisaiekin batera gerraren eta errefuxiatu krisiaren ingurukoak ere jaso ditu. Chaairik azpimarratu duenez, «interesa badut gai horietan, ukitu eta hunkitzen naute, eta nire asmoa da horrelako gaiak lantzea aurrerantzean. Arrazakeria edo emakumeen aurkako indarkeriaz hitz egin nahi nuke nire hurrengo koadroetan».

Kuxinak nola egiten ikasi

Plazida Otañon ikusgai dauden lanak, aldi berean, salgai ditu Chaairik. Artista marokoarrari gustatuko litzaioke jendeak bere koadroak eskuratzea, horrek animoak emango lizkiokeelako arte munduan jarraitzeko.

Ekainaren 19an egindako erakusketaren inaugurazio ekitaldira bildutako jendearentzat Marokoko jaki eta edariak eskaini zituzten Chaairik eta Lina elkartean biltzen diren emakume musulmanek, nahiz eta ramadama tarteko eurek ez zuten alerik probatu.

Uztailaren 7ra arte egongo dira ikusgai koadro eta kuxinak Plazida Otañoko erakusketa gelan eta egun horretan, 17:00etatik aurrera kuxinak egiteko erabiltzen duen teknika erakutsiko du Chaairik. Zizurkilgo udal bulegoetan eman beharko da izena eta jakinarazi dutenez, zaintza zerbitzua egongo da ikastaroak irauten duen bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!