«Emakume asko joan zen kanpora lanera eta errealitate hori ez da jaso»

Jon Miranda Labaien 2017ko eka. 21a, 09:57
Jon Abril, 'Neskatoak' dokumentalaren egilea. TOLOSALDEKO ATARIA

Gaur 19:30ean Plazida Otañon, kazetari beratarrak 2016an ondu zuen dokumentala ikusi ahal izango da, XX. mende erdialdera Iparraldera eta Frantziara neskame joandako emakumeen bizipenak jasotzen ditu.

Emanaldi guztietan bertan egon nahi izaten du Jon Abrilek (Bera, 1975), dokumentala testuinguruan jarri eta zergatik osatu duen azaltzeko. Gehienetan, neskame lanetan aritutako emakumeak eta haien alabak gerturatu izan dira emanaldietara. Euren testigantza herrian bertan ezagutzera ematea garrantzitsua iruditzen zaio beratarrari .

Zein ibilbide egin du orain arte dokumentalak?

Oparoa eta niretzat harrigarri samarra izan da. 2016ko martxoan estreinatu zenetik 65 emanaldi baino gehiago eskaini ditut Hego Euskal Herrian barrena eta baita kanpoan ere, Huescako etnografiari buruzko zinemaldi baterako hautatua izan baitzen filma. Dokumental xume eta txikia, euskaraz egindakoa dela kontuan hartuta eta generoa ere ez dela guztiz zabaldua ikusita, oso pozik nago.

Non du abiapuntua dokumentalak?

Historia niretzat guztiz ezaguna eta hurbila zen. Nire amona gisa horretara ibili zen, neskame. Gazterik alargundu zen eta nire izeba eta nire aita senideekin utzi eta bizimodua aurrera atera ahal izateko Donibane Lohitzunen eta Ziburun aritu zen lanean etxe batean, 25 urtez baino gehiagoz. Gurekin bizi izan zen zahartzaroan eta bere bizipen eta oroitzapenak kontatzen zizkidan. Oso esperientzia aberasgarria izana zen berarentzat. Berehala jabetu nintzen batere landu gabeko gaia zela eta adinean gora zihoan jendea zela ikusita, bilketa lan bat egin beharra zegoela.

Isilean geratu al dira emakume hauen bizipenak?

Bai, erabat. Lan ikaragarria egin da azken urteetan Ameriketara artzain joandako gizonen inguruan eta baita Ternuara edo mendi mutil joandakoen istoriak jasoz. Beti gizonezkoak ardatz hartuta jaso dira testigantzak, aldiz, emakumeen immigrazioa badirudi ez dela egon. Emakume asko joan zen kanpora lanera eta orain arte errealitate hori ez da jaso.

Dokumentazio lana zaila egin al zitzaizun?

Soilik testigantzak zeuden, ez daturik, ez ikerlanik, ez gisakorik. Topatu ditudan azterlan ia bakarrak, 60ko hamarkadan eta 70eko hamarkadan Espainiatik Parisera neskame eta batez ere atezain lanetara joandako emakumeen ingurukoak izan dira. Erreferentzia bakarrak horiek ziren eta horregatik ikusi nuen dokumentalak oraindik eta motibo gehiago zuela egiteko, ikusarazi egin behar zela emakumeak ere irten zirela, gogotik lan egin behar izan zutela.

Zein motibazio zuten emakume gazte horiek?

Oso garrantzitsua izan zen egin zuten diru ekarpena. Handik bidalitakoarekin, beharbada beste senide batzuek ikasketak egin ahal izan zituzten edo aurrera egiteko aukera izan zuten etxean. Maizter ziren etxe hori ere erosi ahal izan zuten beste batzuk. Eta bestalde, emakume hauentzat kanpora ateratzeak iraultza bat ekarri zuen maila pertsonalean. Beste mundu bat eta bizimodu batzuk ezagutzeko aukera izan zuten eta horrek beren buruak erabat ireki zituen; askotan, bueltatzerakoan txoke kultural izugarria izan zuten eta horrek eragina izan zuen sozialki.



Zuek neskato, guk neskame deitzen diogun horri esaten diozue, ezta?

Gure euskalkian hitz hori erabiltzen dugu, bai. Dokumentalaren gaia nahikoa unibertsala da, baina testigantzak Baztan-Bidasoakoenak jaso nituen, gertutasun kontuagatik eta baita fenomenoak neurri berezia izan zuelako bertan. Bereziki gure eskualdean 60ko hamarkada arte ez zen industrializazioa iritsi eta hortaz, emakumeek lan mundura sartzeko aukerarik ez zuten ia izan. Ipar Euskal Herrian turismoaren igoerak ekarri zuen lanesku beharra Lapurdin eta bereziki euskal kostaldean eta hurbiltasun geografikoagatik batez ere Bidasoaldeko emakumeak izan ziren lehenak eta kopuruan gehien joan zirenak.

Lapurdiko kostaldera, nagusiki.

Bai. Biarritz, Baiona, Donibane Lohitzune, Ziburu, Bidart, Hendaia eta baita barnealdeko Saran, Azkainen edo Urruñan. Handik askok hartu zuten bidea Frantziako beste hiri batzuetara, beharbada euren etxeko nagusiek beste hiri batzuetan bizi eta uda, hemen, Euskal Herrian pasatzen zutelako eta negurako ere neskameak behar zituztenez eraman egiten zituzten, Parisera batez ere, baina baita Bordelera edo Okzitaniako Tolosara.

Zer nolako tratua jaso zuten emazte haiek?

Muga gainditzeko garaian, 50eko hamarkadan joandakoentzat zailtasunak asko izan ziren. 1958ra arte, espainiarrek debekatua zuten Frantzian lan egitea. Hala ere, dokumentalean ateratzen diren emakumeek azpimarratzen dute tratua ona zela. Ordu asko egin behar izaten zuten lan, 14 edo 15 orduko lan jardunak ohikoak ziren, ohikoa zen astean arratsalde bat bakarrik libratzea edo oporrik ez edukitzea.

Tamalez, gaur egun errepikatu egiten dira egoera horiek.

Dokumentala gogoeta horrekin bukatzen da eta alderaketa bat egiten da. Zoritxarrez gauza asko errepikatu egiten dira 50 urte geroago. Berriz ere, zenbat emakume etortzen diren guk egin nahi ez ditugun lanak egitera, muga gordeka pasa behar izaten dute, kontratu gabe lan egiten dute...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!