Gazteen sormenari bidea

Imanol Garcia Landa 2017ko eka. 1a, 15:19

Zizurkilgo eta Azpeitiko udaletako eta Azpeitiko Kultur Mahaiko ordezkariek aurkeztu dute GazteArt proiektua.

GazteArt proiektua bultzatzen ari dira Zizurkilen eta Azpeitian, inguruko gazteak Erasmus Plus programan parte hartzeko.

Zizurkilgo eta Azpeitiko udalak, Azpeitiko Kultur Mahaiarekin batera, GazteArt proiektua bultzatzen ari dira, sormena landu nahi duten gazte artistei zuzendua. Erasmus Plus programaren barruan kokatutako proiektua da GazteArt.

Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkateak azaldu duenez, «Gipuzkoako haur, nerabe eta gazteen sustapenerako sistemaren, hau da, Gaztematikaren barruan sortutako lan talde batek osatutako proiektua da GazteArt. 2016-2017 urteko planean erabaki zen Gipuzkoako zerbitzuetan Erasmus programak eskaintzen dituen aukerak lantzea, honek gaztediaren arloan eskaintzen dituen aukerak ezagutu eta ahal izanez gero aprobetxatzeko».

Ainara Larrañaga Azpeitiko Kultura zinegotziak gaineratu duenez, «Erasmus Plus Europa mailako programa bat da, gazteen prestakuntza helburu duena, herrialdeen arteko mugikortasuna ahalbidetuz. Irekia da, ez dago lotuta ez hezkuntza formalari ezta unibertsitateko ikasketei ere».

Programa honen berri izanik, proiektu zehatzen diseinuari ekin zion Gaztematikak, hainbat udalekin batera, eta Azpeitiko eta Zizurkilgo udalek, Azpeitiko Kultur Mahairekin batera, Italiako Napoli hirian dagoen elkarte batekin osatu dute  Erasmus Plus-eko proiektua. Hain justu, programaren bigarren deialdira aurkeztu dira. Uztailean jakingo dira zein izango diren deialdi horretan onartzen diren proiektuak, baina beharrezkoa ikusi dute dagoeneko izen-ematea martxan jartzea aurretik, antolaketa lanekin hasteko.

GazteArt proiektua onartzen bada, gazteen arteko astebeteko truke bikoitz bat egingo da bi herrialdeen artean. Euskal Herrian urriaren bigarren astean egongo lirateke Napoliko gazteak bertakoekin, eta abenduko lehenengo astean Napolira joango ziren hemengo gazteak.

Izen ematea, hilaren 5etik 30era
Izaro Zinkunegi Azpeitiko Kultura Mahaiaren ordezkariak azaldu duenez, GazteArt «sormen artistiko-plastikoko eta artistiko-grafikoko gazteei zuzendutako beka bat da. Arloan prestakuntza duenak zein soilik zaletasuna dutenek parte hartu dezakete». Egonaldi bakoitzean toki bakoitzeko sormen gunean eta sortzaileak ezagutuko dituzte eta tailerrak jasoko dituzte, eta taldean zein banaka lana egiteko aukera eskainiko zaie.

Aiztondo bailarako sei gaztek eta Urola Erdiko beste sei gaztek parte hartuko dute proiektuan, helmugako herrialdeko beste hamabirekin batera. Beka 1988 eta 1998 artean jaiotako gazteei zuzenduta dago, bi urte horiek barne hartuta. Beharrezkoa da parte hartzaileek ingelesez komunikatzeko gaitasuna izatea, eta horretarako, izen ematearen ondoren, ingelesezko probak egitea aurreikusten dute. Proiektua Erasmus Plus programak eta udalek finantzatuta dago nagusiki, eta parte hartzaile bakoitzaren aldetik 90 euro ordaindu beharko dira, 60 euro ikasle, langabetu edo familia ugariko kideen kasuan.

Izen ematea ekainaren 5etik 30era egongo da zabalik eta parte hartu nahi duenak Zizurkil eta Azpeitiko udaletan beraien curriculuma eta zergatik aurkezten diren azalduz motibazio gutuna aurkeztu beharko dute.

Zinkunegik parte hartzeko deia egin die «sortzaile diren edo sormenak ezinegona sortzen dien» gazteei: «Uste dugu ikasteko, sormena lantzeko, jendea zein beste kultura eta herrialde batzuk ezagutzeko aukera eskainiko duela eta esperientzia polit bat bizi ahalko dutela». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!