Herrigintzarako begiraleak

Jon Miranda Labaien 2017ko mai. 12a, 14:24

Zizurkilgo eta inguruko herrietako 22 gazte begirale izateko formazioa jasotzen ari dira joan den urritik. Larunbatero izaten dituzte saioak, Iriarte kultur etxean, eta uztaileko praktika aldia amaitu ondoren jasoko dute titulua. Baina harago doa herrian bertan sortu duten eskola, komunitatea sendotzeko “inbertsio” bezala ikusten baitute antolatzaileek. Zizurkilen proiektu berriak sortzeko eta bultzatzeko gazteak trebatzea dute helburu.

Duela hamar urte, Eskola Kirola egitasmoa jarri zuten martxan Zizurkilgo hainbat gurasok, herri giroa sustatzeko asmoz. Mikel Egibar guraso horietako batek gogoratu duenez, “arrakasta” lortu zuen proiektuak: “Guztiz ludikoa zen esparru bat eskaini nahi genien gure seme-alabei, tarte gutxi utziz diziplina handiko kirol jardunari, eta balio hezitzaileei garrantzi berezia emanez”. Harremanari bide ematen zioten eskola kirolean. “Ezinbestekoa baita komunitatea sortzeko”.

Urte gutxian “beherakada” sumatu du Egibarrek. “Komunikazio kantitatea handitu egin da, baina harreman kalitatea, jaitsi”. Elkarrekin “aritzeko eta egoteko” denbora falta zaie gazteei, “ideiak elkarren parean jartzeko, adosteko, gauza berriak egiteko eta herria eraikitzeko”. Espazio hori bermatzeko egin zieten herriko gazteei begirale eskola osatzeko proposamena, eta erantzun ona lortu dute. Zizurkilgo bertako, Villabonako, Andoaingo eta Ibarrako 16 urtetik 19ra bitarteko gazteak bildu dira taldera.

Gazte horietako bat da Irantzu Urkola (Zizurkil, 1998), bere garaian eskola kirolean parte hartu zuen umeetako bat: “Begirale izateko ikastaroan parte hartzeko aukera sortu aurretik, Gazte Asanbladan pentsatuta geneukan antzeko ekimenen bat egitea. Gaurko umeek guk txikitan elkartu eta jolasean ibiltzeko izan genuen aukera berbera izan zezaten nahi genuen”. Transmisioa bermatuko du eskolak. “Garai batean gure gurasoek gurekin egiten zuten lana egiteko jasoko dugu begirale izateko formazioa”.

Nahikoa gaztek izena ematen bazuten taldea osatuko zutela hitzeman zieten denei, eta uste baino arrakasta handiagoa izan zuen deialdiak. Urrian hasi zuten formazioa, eta larunbatero izaten dira saioak, 08:30etik 14:30era. Bittor Hernandez (Zizurkil, 2000) da beste ikasleetako bat, eta, esan duenez, “saio dinamikoak” direnez ikastaroa ez zaie astuna egin. Ikuspegi soziologikotik aztertzen dute aisialdia, eta norberak bere aisialdia nola antolatzen duen eta gizartean nola kudeatzen den jorratzen dute, ikuspegi kritikotik. Baina, horrekin batera, umeekin izan beharreko “harreman emozionala, integrazioa, pertsonen arteko ezberdintasuna eta hezkidetza” lantzen dituzte gazteek.

Horrelako begirale ikastaroetan mutilek baino neska gehiagok eman ohi dute izena, baina eurena “nahiko talde orekatua” da. Parekidetasunaren inguruan lanketa sakona egin dute hilabeteotan, eta elkarrekin talde sendoa sortu dutela esan du Hernandezek: “Adin tarte ezberdineko gazteak gaude taldean, eta askok txikitatik ezagutzen genuen elkar, baina harreman sakonagoa egin dugu orain, eta lagun talde polita osatu dugu”.

Ikastolen Elkartearen Aisiola begirale eskolak bideratzen du formazioa Zizurkilen, eta, behin aurrez aurreko saioak bukatuta, praktikak egingo dituzte uztailean. Hernandezek oraindik ere 18 urteak beteak ez dituenez, ez ditu aurten egingo praktikak, baina Urkolak herriko Oporretan Euskaraz udaleku irekietan jardungo du udan. Zizurkilgo Udalak, gainera, ikastaroaren matrikularen erdia ordaindu die herriko gazteei, eta, Hernandezek esan duenez, herriarekin “zorretan” zeudela sentitu zuten. Horregatik antolatu dituzte bi saio herriko ume guztiei bideratuta, ikastetxeen bitartez deialdia eginda. “Oso ondo atera dira bi esperientziak”, adierazi du Urkolak.

Emaitzak, epe luzera

Ikuspegi kritikoa “dezente” landu dute ikastaroan, eta Egibarrek espero du, praktiketan, “errealitatearekin topo egitean”, jakingo dutela hori kudeatzen. “Orduan, jada, ez da egongo begiralea bakarrik, umeen, gurasoen eta, oro har, gizartearen eskakizunak ere kontuan hartu beharreko faktoreak izango dira. Espero dut, gauzak datozen bezala hartu aurretik, bi aldiz aztertu eta saiatuko direla bide onetik eramaten”.

Herria “beste dimentsio batetik” ezagutuko dute gazteek, eta horren garrantzia azpimarratu du Eskola Kirola egitasmoaren sortzaileak. Haren ustez, “indartu eta bultzatu” egin behar da komunitateari eskainitako denbora, eta “heziketaren bitartez soilik” lor daiteke hori. “Gaur egun oso zatituta dago denbora, eta gazteek ordu asko eskaintzen dizkiete ikasketei, halabeharrez. Gauza sistemikoa da hori. Norberaren denbora burujabe hori auzolanari eta herrigintzari eskaintzeak dakarren bizipoza transmititu nahi genieke gazteei”.

Lehen hazia landatu dute Zizurkilen sortu duten begirale eskolarekin, eta, Egibarren ustez, “iristeko” daude emaitzak. Horregatik, hurrengo ikasturterako ere antolatu nahi dute begirale eskola, eta aurki zabalduko dute izena emateko epea, udaletxean eta Zubimusu ikastolan. Dagoeneko gazte askok egin dute herrigintzarako lehen urratsa, maiatzaren 20an Erdi Aroko festan parte hartuko baitute, Zizurkilgo Herriola taldearen ekimenez. Ikastetxeekin elkarlanean, garai hartako joko eta jolasak prestatuko dituzte umeentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!