Maiatza Saltsanek Erdi Arora bidaiatuko du

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 4a, 20:36

Hilabete osoko ekimenak antolatu dituzte urtero bezala Zizurkilen. Aurten ekimen nagusia, hilaren 20an egingo dute. Herriola deitu dioten Erdi Aroko festa handia izango da, non "Atxulondoko burdinolako hauspoaren arnasak eta Zizurkilgo herritarren taupadek bat egingo duten".

Herriola izeneko herritar batzordeak proposatu dio festa antolatzea Zizurkilgo Udalari. Gogo onez jaso du gonbita eta Maite Amenabar alkateordeak nabarmendu duenez, "duela bi urte, herriaren 400. urteurrenaren harira irekitako bideari segida emango diogu aurten".

Boluntario talde handi batek eman du izena ekimenean parte hartzeko eta Amenabarren esanetan, "orduko janzkerak, jokoak, jolasak, lanbideak eta jakiak irudikatuko dira". Antzerki baten bidez herritarrek 1350ko maiatzaren 20a irudikatuko dute: "Donemiliagako markesaren alaba eta Donostiako Okendoko jauntxoaren arteko ezkontza-hitzarmena ospatzeko jai eguna antolatuko da Zizurkilen. Handiki, handiuste eta handinahien festa zapuztuz, matxinada usaina darion jai herrikoiari bide emango zaio".

Ainhoa Larrea Zizurkilgo kultura teknikariaren ustez, "antzerkiak ez du izan nahi ikusteko ikuskizun huts bat, herritarren parte hartzea bultzatu nahi dugu". Horretarako maiatzaren 20an kalera Erdi Aroko jantziekin ateratzea proposatu du Zizurkilgo Udalak. Plazida Otaño liburutegian jantzi eredu batzuk jarri dituzte eta etxeko arropekin antz hori duten jantziak egiteko gonbita luzatu dute.

Ahalik eta gehien hurbildu nahi dute XIV. mendeko bizimodura. Goizean herritarrek osatutako azoka egingo da eta 12 postu inguru jarriko dira kalean. Herriko ikastetxeak ere inplikatu dira eta garai hartako joko eta jolasak prestatu dituzte maiatzaren 20an emateko. Herri bazkari bat ere izango da 14:00etan eta Larreak gogoratu duenez, "Erdi Aroko menua egoteaz gain, orduan erabiltzen zituzten plater eta sukaldeko ontziteria erabiliko dira".

Herriolan, presentzia berezia izango du Atxulondo burdinolak, Erdi Aroan Zizurkilen martxan egon zenak. Joxin Azkue Hernandorena kultur elkartean dabilen herritarrak aipatu duenez, "herrian dugun altxor ikaragarri bat da, bai burdinola bera eta baita ingurunea ere, zoragarriak dira bertako landareri eta errekak. Zoritxarrez, urruti dago eta herritar askok ez dute ezagutzen". Horregatik eta paraje hau erakusteko Atxulondo eta burdinola argitalpena prestatu du Hernandorena kultur elkarteak. "Udalaren jabegoa zen burdinola eta belaunaldiz belaunaldi alokairuan zeinek hartzen zuen jasota dago, baina gainerakoan informazio gutxi dago". Beraz, burdinolek nola funtzionatzen duten azalduz, lan xume bat osatu dute, irudi askorekin eta oso grafikoa dena. Zizurkilgo etxe guztietara banatuko dute.

Bihar bertan, Atxulondo burdinolara egindako irteerarekin emango diote hasiera Zizurkilen Maiatza Saltsan ekimenari:

MAIATZAK 6, LARUNBATA

09:00 edo 10:00. Atxulondora goiz pasa irteera antolatu dute. Ibilbide luzea aukeratzen dutenek Joxe Arregi plazatik egingo dute irteera 09:00etan eta ibilbide motza egin nahi dutenek Adunako Basopetatik 10:00etan.

15:30. XIII. Emakumeen Aiztondo Sari Nagusia. Kadete, junior eta elite mailako txirrindulariak arituko dira. Zizurkilen hasiko da lasterketa eta Villabonan bukatu.

MAIATZAK 7, IGANDEA

13:00. Zizurkil Goian barrikadak, Aiztondoko Maskaradak ekimenaren barruan.

16:30. Larraulgo plazan maskarada jokoak egingo dituzte.

MAIATZAK 9, ASTEARTEA

19:30. Xabier Mendiaraz kiropraktikoaren hitzaldia izango da Plazida Otaño liburutegiko gela balioanitzean. Zaindu zure osasuna bizkar hezurraren bitartez izenburua eramango du hitzaldiak.

MAIATZAK 12, OSTIRALA

10:30. Dragoi Txikia filma Haur Hezkuntzako ikasleentzat, Gurea zinema aretoan.

11:30. Luke & Lucy filma Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, Gurea zinema aretoan.

MAIATZAK 13, LARUNBATA

17:30. Joxe ARregi plazan Bukalai dantza taldeak antolatuta dantza taldeen kalejira. Villabonako Oinargi, Ibarrako Alurr, Altzoko Artea eta Zizurkilgo Bukalai.

Ondoren. Dantza taldeen emanaldia.

22:00. Bukalai eta Alurr taldeen emanaldia.

MAIATZAK 15, ASTELEHENA

Egun osoan. San Isidro eguna.

MAIATZAK 16, ASTEARTEA

15:15. Ipuin Solidarioak Plazida Otaño liburutegiko eta Atxulondo kultur etxean.

MAIATZAK 19, OSTIRALA

10:30. Dragoi Txikia filma Haur Hezkuntzako ikasleentzat, Gurea zinema aretoan.

11:30. Luke & Lucy filma Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, Gurea zinema aretoan.

MAIATZAK 20, LARUNBATA

11:00. Goiz osoan zehar ERdi ARoko lanbideen azoka, herri antzerkia, titiriteroak, dantza, musika, haurrentzako jolasak.

14:00. Herri bazkaria.

Arratsaldean. Bote luzea eta dantzaldi gidatua.

MAIATZAK 27, LARUNBATA

11:00. Ipuinen unibertsoa familian, Urkamendi guraso elkartearen eskutik.

Egun osoan. Adunan, Segundo Montes/Meanguera eta Aiztondoren arteko Senidetze Eguna.

MAIATZAK 31, ASTEAZKENA

17:30. Ikastetxeetako bertsolaritza ikasle, Bukalai dantza taldeko dantzari eta Loatzo Musika Eskolako koruko haurren emanaldia Atxulondo kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!