Unai Mendizabalek irabazi du Osinalde saria

Ataria 2017ko apirilaren 23a

Argazkia: Goierri Telebista

Bertsolari gazteentzako 46. sariketa irabazi du zizurkildarrak. Maider Arregi oñatiarrak egin du bigarren eta bertso onenaren saria Maialen Akizuk eraman du. 

Gabiriko Osinalde elkartea jendez lepo zela ospatu zen bart gauean Osinalde sariketaren finala. Aurretik ospatutako Aztiri, Argi Berri eta Osinberde sariketatik sailkatutako sei bertsolarik jokatu zuten: Aratz Igartzabal Potto gabiriarrak, Eneko Araiztegi Korta segurarrak, Maider Arregi oñatiarrak, Maialen Akizu urretxuarrak, Jon Gurrutxaga azpeitiarrak eta Unai Mendizabal Mendi zizurkildarrak. Saio osoaren laburpen bideoa, Gipuzkoako Hitzan ikus daiteke.

Saioaren amaieran eskualdeko bertsolaria jo zuten irabazletzat. Mendik irabaziak ditu, besteak beste, Plazatik Gaztetxera txapelketa (Oihana Iguaranekin 2013an), Harituz Herriarteko I. bertso txapelketa (Zizurkilgo taldean, 2014an), Erniarraitz bertso sariketa (2016) eta Lizardi saria (2016). Gipuzkoako Herriarteko bertsolari txapelketan ari da orain, Karidadeko Benta taldean, eta finalaurrekoetako bat jokatuko du Alegian, maiatzaren 6an Erniarraitz taldearen aurka. 

Iaz Haritz Mujika asteasuarrak eraman zuen sariketa entzutetsua eta eskualdeko beste hainbat bertsolarik ere jantzi dute txapel hori. Besteak beste, Mikel Artolak (2010ean), Jexux Mari Irazuk (1997an), Bixente Gorostidik (1995ean) eta Millan Telleriak (1980an).

Unai Mendizabalek, ostegunean istripuz galdu zuten kuadrillako lagunari eskaini zion txapeldunaren agurra. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!