Unai Mendizabal Osinalde sariketako finalean

Ataria 2017ko apirilaren 18a

Larunbatean, apirilak 22an, Gabiriako Osinalde elkartean ospatuko da finala, 20:30ean hasita.

Apirilaren 8an Zaldibian jokatu zen bertsolari gazteentzako Osinberde sariketa eta bertan Unai Mendizabal zizurkildarra atera zen garaile. Entzuleen saria ere bereganatu zuen eta Jon Gurrutxaga azpeitiarrarekin batera, Osinaldeko final nagusirako sailkatu zen. Datorren larunbatean, apirilak 22, Gabiriko izen bereko elkartean jokatuko da finala, 20:30etan hasita.

Honenbestez, sei bertsolari ariko dira larunbateko final horretan: Aztiri sariketan sailkatu ziren Aratz Igartzabal Potto gabiriarra eta Eneko Araiztegi Korta segurarra; Argi Berri sariketan sailkatu ziren Maider Arregi oñatiarra eta Maialen Akizu urretxuarra; eta Zaldibian, Osinberde sariketan sailkatutako Jon Gurrutxaga azpeitiarra eta Unai Mendizabal Mendi zizurkildarra.

Iaz Haritz Mujika asteasuarrak eraman zuen sariketa entzutetsua eta eskualdeko beste hainbat bertsolarik ere jantzi dute txapel hori. Besteak beste, Mikel Artolak (2010ean), Jexux Mari Irazuk (1997an), Bixente Gorostidik (1995ean) eta Millan Telleriak (1980an).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!