Goiko plaza berritu nahi du udalak eta behekoan estalpea jarri

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 29a, 10:27

Zizurkilgo aurrekontuaren %13,57 bideratuko dute inbertsio berrietara, zehazki esateko, 417.678 euro. EH Bilduk eta PSE-EEk babestu dituzte kontuak eta EAJ abstenitu egin da.

Zizurkilgo Udalak aspaldikoa du herriguneko Pedro Mari Otaño plaza berritzeko gogoa. Herritarren parte hartzearekin bideratu dute proiektua eta aurten gauzatuko dute, horretarako 212.580 euro jarrita. Plaza azpitik doazen azpiegiturak egokitu, zoladura aldatu eta plaza erdian zuhaitza aldatuko dute. Herritarrek horrela erabakita, haritza.

Bertan antolatzen diren ekitaldietarako plaza egokitzea eta oinezkoentzat ahalik eta erosoen egitea da udalaren asmoa. Joxe Mari Luengo alkateak azaldu duenez, «San Millango etxebizitza proiektuarekin batera aurreikusitako saihesbidea egingo balitz, trafiko asko desbideratuko litzateke eta era horretan, plaza ia erabat oinezkoentzat egokitu ahal izango genuke». Proiektu hori, ordea, krisiaren ondorioz geratuta dago, eperik gabe.

Gehiegi atzeratuko ez den egitasmoa Pedro Mari Otaño plazan bertan, Etxemaiten, egingo diren etxebizitzena da. Eraikuntza enpresa batek gauzatuko du proiektua eta udalak hirigintza aprobetxamenduagatik 75.000 euro inguru jasoko ditu. Foru funtsatik aurreikusitako ekarpena ere handitu denez, 2017ko aurrekontua %1,8 handiagoa izango da Zizurkilen; zehatz, 3.078.725 eurokoa.

ZORRA MURRIZTEKO AHALEGINA

Martxoaren 14an udalbatzak ospatutako ohiko osoko bilkuran onartu zuten 2017ko aurrekontua, EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Koalizio abertzaleak eta alderdi sozialistak sinatu berri dute hiri hondakinen bilketa sistema egokitzeko akordioa eta bat etorri dira aurten hondakinen tasa %5 igotzearekin. «Gaur egun hondakinak lurrean uzten ditu jende askok eta hori jasotzeak gain kostua eragiten dio udalari. Horregatik erabaki genuen tasa igotzea. Espero dugu bilketa sistema berriarekin egoera aldatzea eta orain tasa igo den bezala, etorkizunean jaitsi ahal izatea». Apirilaren 3an, 6an eta 7an jarriko dituzte edukiontziak kalean.

Hain zuzen, urtean 240.000 euroko ekarpena egiten dio Zizurkilgo Udalak Tolosaldeko Mankomunitateari hondakinen kudeaketagatik. Lorezaintza zerbitzuak, musika eskola eta gizarte zerbitzuak ere mankomunatuta dauzka, eta erakunde horietara bideratzen du diru kopuru bat, herriko eragile eta taldeak diruz laguntzearekin batera. Aurten bi partida berri zabaldu dituztela nabarmendu du alkateak: «Indarkeria matxistaren protokoloa idazteko 4.500 euro jarriko ditugu eta beste 5.000 euro, euskararen erabileraren neurketa egiteko».

Azken urte hauetan kontuak saneatzeko ahalegin berezia egin dutela azaldu du Luengok eta egun 1.300.000 euro inguruan kokatua dutela zorra: «Aurten, amortizazio eta interesetan 280.000 euro gastatuko ditugu. Gure helburua da datozen urteetan zorra milioi batetik beherako kopurura jaistea. Zizurkil bezalako herri batentzat jasangarria izango litzateke eta lorpen handia, udalera sartu ginenean hiru milioitik gorakoa zela kontuan hartuta».

BEHEKO PLAZA ESTALTZEA

Aurtengo aurrekontuan 33.000 euroko partida zabaldu duten arren, 200.000 eurotik gorako kostua izango du Joxe Arregi plaza estaltzeko proiektuak. «Aztertzen ari gara nola finantzatu. Leasing bidez egiteko aukera landuko dugu banketxeekin eta bestela mailegua eskatuko dugu». Elbarrenako festen aurretik egin nahi dute estalpea.

Gainerakoan Olatza baserriko bidea konpondu, seinalizazioa hobetu eta udaletxeko fatxada konpontzeko asmoa du Zizurkilgo Udalak 2017an. Urtea bukatu aurretik martxan ikusi nahi du, gainera, baratze parkearen egitasmoa.

Beste proiektu handiago batzuk ere hartu ditu gogoan alkateak, udalaren eskumena gainditzen dutenak eta krisiaren eraginez bertan behera gelditu direnak: «Oria ibaiaren bideratzearen bigarren faseko zatia falta da egiteko eta Asteasura joateko saihesbidea bete gabe geratu den egitasmoa da».

INBERTSIO NAGUSIAK 2017AN (EUROTAN)

Pedro Mari Otaño plaza berritzea 212.580

Herribideak berritzea. Olatzarako bidea 40.000

Joxe Arregi plazako estalpea 33.000

Baratze parkea proiektua 28.775

Baserri seinaleak jartzea 15.000

Udaletxeko fatxada konpontzea 12.000

Bulandegiko espaloia egokitzea 10.000

Toponimiako kartelak 10.000

Liburutegiko liburu eta diskoak erostea 9.000

Frontoiko ituteak konpontzea 7.000

Bus geltokien seinaleak jartzea 6.183
 

3.078.725 EUROKO AURREKONTUA 2017AN

Sarrerak.

-Zuzeneko zergak: 595.750.

-Zeharkako zergak: 90.000

-Tasak eta bestelako sarrerak: 347.285.

-Transferentzia arruntak: 1.947.585.

-Ondare sarrerak: 23.105.

-Inbertsio errealen salmenta eta hirigintza aprobetxamenduak: 75.000.

Gastuak.

-Pertsonal gastuak: 1.181.980.

-Zerbitzu eta ondasunak: 816.717.

-Finantza pasiboen interesak: 17.350.

-Transferentzia arruntak: 384.790.

-Inbertsio errealak: 417.678.

-Finantza pasiboak: 260.210.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!