Ikusteko moduko kirola, Zizurkilen

Ataria 2017ko martxoaren 25a

Zizurkilgo II. Mushing Txapelketa jokatu da gaur arratsaldean. Giro hotza izan arren, une ikusgarriak utzi dituzte parte hartzaileek bizikletaz, patinetan eta korrika.

16:00etan txakurrei probak egin ondoren, Bikejourgin lasterketarekin hasi da txapelketa. Iban Vicente ibartarra izan da helmugan azkarrena, Ekaitz Erauskin hondarribiarraren aurretik. Emakumeetan beste ibartar batek irabazi du lasterketa, Izaskun Zabalak.

Bigarren lasterketa patinetakoa izan da. Eneko Agirre zizurkildarra nagusitu zaio Imanol Cid-i.

Hirugarren eta azken lasterketa txakur krosa izan da. Gipuzkoako Txapelketa jokatzen zen bertan, gainera. Gaizka Aretzaga izan da lehena helmugan. Emakumeetan ohore hori Aida Malesentzat izan da. Eskualdeko lehena Mattin Jauregi izan da, juniorretan bigarren geratu da ikaztegietarra.

Guztira 70 bat lagun aritu dira lehian gaur arratsaldean Zizurkilen, II. Mushing Txapelketan. Gerturatu diren ikusleak eguraldi hotzari aurre egin diote, baina txakurrei eta kirolariei begira gustura egon dira. Izan ere, kirol hau kurioso bezain ikusgarria da.

Sailkapen guztia: herrikrosa.eus

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!