Emakumeen Nazioarteko Eguna 2017

Emakumeen Txokoa zabaldu dute Plazida Otañon

Ataria 2017ko martxoaren 8a

Emakumeen Txokoa zabaldu dute Plazida Otaño liburutegian, emakumeek prestakuntza jasotzeko, hausnartzeko eta elkarrekin egoteko gunea. Aurrerantzean, hiru hilean behin emakumeei zuzendutako programazioa garatuko dute. Hasteko, Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltakoak antolatu dituzte. 

Txoko "berezia" da Zizurkilgo udaletik adierazi dutenez, "emakumeok prestakuntza jasotzeko, hausnartzeko eta elkarrekin egoteko dugun gunea". Txoko horretatik abiatuz, "ahalduntze pertsonala eta kolektiboa eskuratzen lagunduko diguten gaitasunak ikasi eta garatzeko aukera eskaintzen zaigu".

Txoko horretan emakumeekin zerikusia duten liburuak eskura daitezke. Aldatu egingo dituzte liburuak, Zizurkilgo Udalak hiruhilean behin antolatuko duen programazioarekin batera.

Ekimenak, Martxoaren 8aren harira

Zizurkilen honako ekimenak izango dira datozen egunetan:

Martxoaren 10ean, 20:00etan Atxulondo kultur etxean, Velma and Cris, kokoteraino antzerki lana eskainiko dute, Adriano Olmedo eta Maite Redinek.

Martxoaren 11n, larunbatarekin, Zizurkilgo emakumeen Iruña-Veleiako aztarnategira irteera egingo dute. Bide batez, esateko, egitarau hau osatzeko, Iruña-Veleiako ostraken errepliken erakusketa egongo da zabalik Plazida Otaño liburutegian eta Juan Martin Elexpuruk , martxoaren 15ean hitzaldia eskainiko du leku horretan bertan, Iruña-Veleia zertan den esplikatzeko. 19:30ean izango da hitzordua.

Egitaraua amaitzeko, martxoaren 18an, Ipuinen unibertsoa familian ekimena Aizan talde feministak dinamizatuko du, 11:30ean Plazida Otaño liburutegian. "Ba al dago gauza aspergarriagoa printzesa arrosa izatea baino?" galderari erantzungo diote.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!