Torturaren aurkako egunaren bezperan, ekitaldia Zizurkilen

Ataria 2017ko otsailaren 10a

Torturaren egia, itzaletik argira leloa eramango dute antolatutako ekitaldiek eta igandean egingo dira Zizurkilen.

Goizeko 09:00etan mendi ibilaldia abiatuko da Pedro Mari Otaño plazatik Haizetsura. Ondoren, 13:00etan ekitaldia egingo da Joxe Arregi plazan eta hori bukatuta, bazkaria Urkamendi elkartean. Bazkarirako izen emateko zerrendak Atxulondo eta Iriarte jatetxeetan daude jarrita.

Urtemuga gogoan

Hogeita hamasei urte beteko dira astelehenean Joxe Arregi Izagirre Espainiako poliziak egindako torturen ondorioz hil zela Carabanchelgo espetxean. Gertakari lazgarri hori gogoan izango dute igandean Zizurkilen.

Atxilotu eta bederatzi egunera hil zen Arregi, egin zizkioten torturen ondorioz. 1981. urteko otsailaren 13a zen eta harrezkero, egun hori iristearekin batera ospatzen da Euskal Herrian Torturaren Aurkako Eguna.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!