Gutuna: Ikas-komunitateari, olé, olé, olé!

Pedro Mari Otaño ikastetxeko Ombu guraso elkarteak honako esker gutuna kaleratu nahi du:

Zizurkil, urtarrilak 31, arratsaldeko 15.30, zeruan eguzki zoragarriak giroa epeltzen du. Soinu eta pandero hotsak entzuten dira Pagamuñotik barrena, haur eta helduen builak eta algarak… gerturatzen ari dira; Bulandegi zeharkatuz plazarantz datoz.

Plazan guztia prest dago, eskolako baratzeko produktuak eta oilategiko arrautzen merkatua, gune psikomotorra, esperimentazio gunea, aulkiz osaturiko zirkulua senide eta ikasleen tertuliarako liburuak gainean dituztelarik, talde interaktiboetako gunea, eskola 2.0, mediatekako kuxinak eta liburu kuttunak, lurrean artisten zain dagoen paper luze zuria eta alboan kolore guztietako pintura potoak eta pintzelak, zuzeneko irratsaioa egiteko karpa, Fraisoroko aiton-amonak ere bertan daude.

Azkenean iritsi da unea, martxan da OTAÑO ESKOLA PLAZARA! ekimena.

Horrelaxe bizitu ditugu festa honen hasierako minutuak; urduri, gogotsu, ilusioz ezin kabiturik. Hortik aurrerakoaren testigu zuek izan zarete. Ikasleak, irakasleak eta boluntarioak, nor bere lekuetara eta asteleheneko arratseko eskola saioari hasiera eman diote.  Ezin zen gehiago eskatu, udaberriko eguraldia, beste amets bat egi bihurtu ahal izateko. Oraingoan ere agerian gelditu da gure eskola herriaren luzapen bat dela, herrian txertatua eta herria bizirik mantentzearen alde diharduena.

Plazan arnasten zen giro alaia kutsakorra zen. Irakasleak, ikasleak eta guraso boluntarioak irribarrea ahoan, ikustera gerturatu diren guztiak ere jakin-minez ibili dira gune batetik bestera.

Eta beste behin ere hau guztia komunitate osoaren lanari esker posible izan da. Irakasleei OLÉ! Gure eskolan egiten ari zaretena handia da benetan. Eskerrik asko gure seme-alaben alde egiten ari zareten guztiagatik, zuen inplikazioa eta konpromisoa goraipatzekoa da. Barku berdinean doaz gurasoak: eskolan ia 120 familia, hamaika hizkuntza, kultura eta kolore, aniztasun horrek ematen digun aberastasuna lagun, beti lanerako eta ekarpenak egiteko prest. Eskerrik asko gaur Urkamendi elkartean txokolate goxoa prestatzen egon zaretenoi, azken momentuko deia jaso eta istant batean eskatutako hori ekarri duzuenoi, ikasleekin batera guneetan boluntario egon  zaretenoi, zama lanak egiten aritutako guztioi… Udalari ere eskerrak eman, festa hau egin ahal izateko emandako erraztasunengatik.

Polita de amets egitea, gurean egiten dugun bezala, Otañon utopia hitzak ez daukalako lekurik! Jarrai dezagun lanean, ametsak egi bihurtuz!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!