Jokin Alberdi zizurkildarra, hirugarren Espainiako Txapelketan

Ataria 2017ko urtarrilaren 10a

Espainiako Ziklo-Kros Txapelketak asteburuan korritu dira Valentzian; ibilbide oso azkarrean lehiatu dira partaideak.

Urtea Ormaiztegiko Ziklo-Kros proba irabaziz amaitu zuen Jokin Alberdik, 23 urte azpikoen maila. Prestakuntza bezala burutu zuen lasterketa zizurkildarrak, izan ere, Espainiako Txapelketa zuen buruan. Ormaiztegitik Valentziara joan zen, eta lurralde horretan, asteburuan korritu dira maila desberdinetako Espainiako lehiak. Ez da ahaztu behar iaz arte juniorretan ibili dela eskualdekoa, eta 23 urte azpikoen mailan lau urte zaharragoak ere aurkari dituela. Lasterketa aurretik faborito garbia Alacanteko Felipe Orts zen, eta ez zuen hutsik egin. Hasieratik hartu zuen aurrea Orts-ek, eta ibilbidearen erdian minutu bateko aldea ateratzen zien jarraitzaileei. Hor zen Jokin Alberdi. Azkenean, lehia eder baten ostean eta ibilbide azkar batean, hirugarren postua eskuratu zuen Samuel Gonzalezen atzetik helmugaratuz, irabazlearengandik minutu eta 46 segundora.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!