Bizikleta hartuta, Erdialdeko Amerikako errealitatea ezagutuz

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 17a, 12:00

Mi bicicleta me pertenece izeneko dokumentala eskaini zuten atzo Aiztondoko Plazida Otaño liburutegian eta Guatemala, El Salvador eta Nicaraguako lau lagunek euren herrialdeko errealitatearen berri eman zuten bertaratutakoen aurrean.

Erdialdeko Amerikako errealitatearen isla edo metafora da, atzo erakutsitako dokumentalean ageri den bizikleta. Herrialde ezberdinetako arazoak eta ilusioak erakusten ditu: pobrezia, emakumeen egoera, gazteriaren etorkizuna... 

Euskal Fondoarekin elkarlanean ari diren Erdialdeko Amerikako herrialde ezberdinetako erakundeetako ordezkariak izan ziren atzo Zizurkilen dokumentala ikusi eta euren esperientziaren berri ematen: Inocenta Macz (Fundación Iniciativa Civil para la Democracia Incide Guatemala); Carlos Alberto Hernandez (Segundo Montes Komunitatea, El Salvador); Nohemí Bellorin (Asociación para el Fomento del Desarrollo Local Ecosostenible Asodelco-San Carlos-Nikaragua) eta Irma Lima (Colectiva de Mujeres para el desarrollo local- Suchitoto, El Salvador).

Lau ordezkariak joan den ostiraletik Euskal Herrian daude Gaztenpatia programa dela eta. Euskal Fondoak EHUrekin hitzarmena sinatua du eta programa horren bitartez, unibertsitateko ikasketen azkeneko mailan edo graduondoko ikasketak egiten ari diren Euskal Herriko ikasleek praktikak egin ditzakete hainbat herrialdeetan. Hain zuzen, Euskal Fondoak El Salvador, Guatemala edo Nikaraguan martxan dituen proiektuetan izan dira hainbat gazteak egitasmoaren lehen edizioan.

Juanma Balerdi, Euskal Fondoko zuzendariak programa honek dituen lau helburuak azpimarratu ditu: "Erdialdeko Ameriketara doazen gazte hauek bertakoekin enpatizatu behar dute eta elkartrukerako oinarriak jarri; bestalde, guk formazioa eskaintzen diegu, euren ikasketak osatzeko praktikak egin ditzakete herrialde horietan; Bide batez, Euskal Fondoak Erdialdeko Ameriketan martxan dituen hainbat proiektuetan ekarpen teknikoa ere egiten dute ikasleek; Eta bukatzeko, laugarren helburua komunikazioa da, Euskal Herrira itzultzen direnean han bizi izan duten esperientziaren berri ematen dutelako unibertsitateko komunitatean eta herrialde hauetan bizi duten errealitatea gizarteratzen laguntzen dutelako". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!