Kirol astea eta liburuaren astea ospatuko dituzte Zizurkilen

Ataria 2016ko abe. 15a, 12:08

Gaur, tai-chi ikastaroarekin abiatuko dute kirol astea eta astelehenetik aurrera, berriz, liburuaren asteari emango zaio hasiera.

Aurtengo kirol astearen ezaugarri nagusia partaidetza izango dela nabarmendu du Joxe Mari Luengo, Zizurkilgo alkateak: «Kirol erakustaldiez gain, probatzeko aukera eman nahi diegu herritarrei».
Igandera bitarte adin guztietarako egokitutako eskaintza prestatu dute. Alkatearen esanetan, «kirolak ez du adinik, inoiz ez da berandu kirola egiteko» eta horretarako Denok Danena halterofilia taldeko Batis Kortajarenaren adibidea aipatu du: «urteak daramatza Zizurkilgo ume eta gazteak halterofilia munduan trebatzen».

Larunbatean ospatuko den Hamabi orduz kirolean egitasmoaren barruan, Eguberrietako Torneoa prestatu du Denok Danena taldeak, urtero bezala. Kortajarenak azaldu duenez, «18:30tik aurrera ospatuko da Intxaur frontoian eta behin torneoa jokatuta gaztetxoek halterofilia probatzeko aukera izango dute. Proba errazak jarriko dizkiegu, lehenengo harremana egin dezaten kirol honekin. Ikusten dugu gaztetxoak falta direla eta etorkizuna bermatzeko haiekin egin behar dugu lan».

Aurretik lan hori egina dute Denok Danena taldean eta orain ari dira emaitza jasotzen. Larunbateko torneoan bi taldek hartuko dute parte eta bertan ariko diren pultsulariek emaitza paregabeak lortu dituzte Espainiako ligan eta baita kopan ere. Susana Davilaren kasua nabarmendu du Kortajarenak: «Maiatzean Maltako txapelketan bigarren egin zuen eta azaroan Suitzan ospatutako torneoan txapeldun geratu zen. Abenduaren 7an berriz, Europako txapelketan seigarren tokian sailkatu zen». Pultsulariak 18 urte ditu eta etorkizun oparoa duela uste du Denok Danenako arduradunak.

Hamabi Orduz Kirolean ekimena gau krosarekin borobilduko dute. «Aurtengo edizioa berezia izango da, hogeigarren aldia baita antolatzen dela», esan du Ainhoa Larrea teknikariak. Bihar, 22:00etan haurren gau krosari emango zaio hasiera eta 22:30ean helduen krosari. Amaieran sariak banatuko dituzte.
Kirol asteko egitaraua osatzeko, igandean, goizez futbola izango da Elbarrenako zelaian eta Intxaur frontoian VI. Pilota txapelketako finalak jokatuko dira.

ABENDUAK 15, OSTEGUNA

18:40 - 19:40. Tai chi saio irekia.

ABENDUAK 16, OSTIRALA

18:00. Joxe Arregi plazan,Biketrialeko erakustaldia Irene Caminos eta Gorka Susperregirekin.

ABENDUAK 17, LARUNBATA

10:00. Haurrentzako kirol eta jokoak Intxaur frontoian eta, ondoren, hamaiketakoa eta opari banaketa.

16:30. Choper, balance bike eta pedalekin ibiltzen diren karts-ak probatzeko aukera Intxaur frontoian.

18:30. Halterofiliako Eguberrietako torneoa Intxaur pilotalekuan. Denok Danenako bi taldeak ariko dira. Umeei halterofilian aritzeko aukera eskainiko zaie. Hurbildu eta probatu!

22:00. Haurren gau krosa.

22:00. Zizurkilgo XX. Gau krosa.

ABENDUAK 18, IGANDEA

09:30. Zizurkilgo VI. Pilota Txapelketa finalak. Ziotza pilota eskolak antolatuta, Intxaur frontoian.

Segidan. Zizurkilgo emakumeak Hernanikoen kontra palan desafioa:

Osa-Gelbenzu (Zizurkil)

Alkorta-Gorostegi (Hernnai)

10:00. Danena-Billabona (benjaminak) partida Zizurkilgo furbol zelaian.

Liburuaren astea, astelehenetik

Aurten ere, abenduaren 28ra bitartean Zizurkilen liburuaren astea ospatuko dute. Besteak beste, hilaren 23an, Teodoro Hernandorena XV. Ipuin lehiaketako sari banaketa egingo da. Larreak nabarmendu duenez, «400 lan baino gehiago jaso ditugu eta parte hartzea izugarria izan da». Bihar zortzi jakinaraziko dituzte saridunak.


ABENDUAK 19, ASTELEHENA
18:00 - 20:00. Macarena Sanchez idazle zizurkildarra bere eleberri erromantikoa sinatzen ariko da.

ABENDUAK 20, ASTEARTEA
17:30. Estrella Ndong eta Idoia Sanchezen eskutik, Ekuatore Gineako ipuinak eta jokoak egingo dira Iriarte kultur etxean.

ABENDUAK 22, OSTEGUNA
19:30. Susana Cecilio akordeoiarekin eta Garazi Kamio narratzaile dela, Kuban hasi eta Euskal Herrian bukatu den Konpasetan emakumeen istorioetan zehar bidai intimoa proposatuko dute Atxulondo kultur etxean.

ABENDUAK 23, OSTIRALA
17:30. Teodoro Hernandorena XV. ipuin lehiaketako sari banaketa egingo da Atxulondo kultur etxean, Ipuinetik antzerkira tailerreko umeen parte hartzearekin.

ABENDUAK 28, ASTEAZKENA
17:30. Plazida Otaño liburutegian Ipuinen mundua familian saioa. San Millan, Otaño eta Pello Errotako umeek ipuinak bertsotan abestuko dituzte, eta bat-batean Amaia Agirre, Oihana Iguaran, Haritz Mujika eta Unai Mendizabal ariko dira.
Oharra. Horrez gain, Aiztondoko Plazida Otaño liburutegirako maskota egiteko oinarriak argitaratuko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!