Danenak, esan eta egin

Ataria 2016ko aza. 30a, 17:08

Danenak erabiltzen ez zuen materiala zuen biltegian. Zuzendaritzak erabaki bat hartu beharra zuen, «zer egin». Ideia batekin udaletxera jo zuten.

Udal taldearekin hitz egin ondoren, astebeteko epea zutela ikusi zuten ideia gauzatzeko. «Danena osatzen dugun familiekin harremanetan jarri ginen»; eta ideia asko gustatu zitzaiela dio Josu Sarasola presidenteak. Denbora gainean zuten, ordea. Erantzuteko modu bakarra zegoen, beraz: «Esan eta egin».


El Salvadorren bost talde Danenako baloiekin ari dira jokatzen. Horrez gain, jokalari zizurkildarren futbol zapatilak dituzte. Eta baita beste hainbat material ere, Danena eta Zizurkilgo Udalari esker. «Udaletxeak eta El Salvadorreko Meanguera Komunitateak hartu emana zutela ikusi genuen, eta udal taldearekin hitz egitera joan ginen. Euskal Fondoaren bidezko elkarlan horretan parte hartzeko aukerak zeintzuk ziren jakin nahi genuen. Materiala bidaltzeko aukera zegoela esan ziguten, eta hurrengo bidaia astebetera zela», gogoratzen du Josu Sarasolak.


Elkartearen biltegian erabiltzen ez ziren gauzak baldin bazeuden, zergatik ez elkarteko kideen etxeetan. Eta deialdia zabaldu zuten Danena osatzen duten familietan: erabiltzen ez diren futbol zapatila eta abar izanez gero, ideiarekin bat egin eta elkartera eramateko eskatuz.


«Harrera oso ona izan zuen ekimenak, eta jendeari ideia gustatzeaz gain, astebetean 40 zapatila pare lortu genituen. Denak oso egoera onean gainera», dio Sarasolak. Gauzak horrela, azaroarekin batera El Salvadorrera bidali zuten bildutako material guztia. «Ondoren material gehiago jasotzen joan gara, eta horiekin ikusi beharko dugu zer egin. Agian hain urrutira bidali beharrean, gertuagora eramango ditugu, behar berdina duten beste hainbat lekuetara», hausnartu du Sarasolak.


Orain, itxarotea tokatzen zaie danenatarrei. Jakin badakite El Salvadorreko bost futbol taldeko jokalariak euren materialarekin ari direla lanean. Ondorengo egunetan nesken argazkiak jasoko dituzte, Danenako zapatila eta baloiekin. «Prozesua borobiltzea bezala izango litzateke, eta ekarpena egin duen jendeari erakustea zer egin duen; gure partetik ere eskerrak emateko modu bat izango da», borobildu du Josu Sarasolak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!