Madrilen izango dira ikusgai Ander Ortiz de Murua artistaren lanak

Ataria 2016ko azaroaren 7a

Irailean Aiztondo bailarako Plazida Otaño liburutegiko erakusketa gunean “Argiaren bila” erakusketa jarri zuen Ander Ortiz de Murua artista zizurkildarrak. Lan horiek Madrileko Valentin Franco arte galerian egongo dira ikusgai, Zizurkilgo Udalak jakinarazi duenez.

Erakusketa azaroaren 10ean inauguratuko da, 20:30ean, eta jai berezia prestatu dute inaugurazio ekitaldirako. Pianista baten emanaldiarekin hasiko da, eta DJ baten emanaldia ere izango da ondoren.

Azaroaren 13ra bitarte ikusi ahal izango dira bere lanak aipatutako galeria horretan. Erakusketari amaiera emateko, eszenifikazio bat egiteko asmoa du Ander Ortiz de Murua artistak, Euskal Herriaren ikur gisa eramango dituen elementuekin: hostoak, etab.

Zizurkilgo Udalak garrantzitsutzat jo du ikustea zer nolako oihartzuna izan duen Plazida Otaño liburutegi berriak. Hain zuzen, erakusketa gune horretan jarri zituen lehenengoz bere lanak Ander Ortiz de Muruak, eta urtea amaitu aurretik Madrileraino iritsi da. "Ibilbide luze eta oparoa opa diogu artistari, eta hari horrek jarraibidea izan dezala Plazida Otaño liburutegian abian jartzen diren gainerako ekimenetan ere", gehitu dute Zizurkilgo Udaleko kideek.  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!