«Ea pixka bat gozatzen dugun behintzat»

Asier Imaz 2016ko aza. 4a, 17:47

Jon Erasun pilotari zizurkildarrak bihar debutatuko du profesionaletan, Tolosako Beotibarren.

Tolosaldeak zazpi esku pilotari profesional izango ditu larunbatetik aurrera. Debuta egiten azkena, Jon Erasun zizurkildarra izango da. Tolosako Beotibarren jantziko du Asegarceko elastikoa atzelariak, 17:00etan hasiko den jaialdian. Lehen partida horretan, Victorrekin osatuko du bikotea Erasunek, eta aurkariak, Peña II.a eta Untoria izango ditu. Gauzak horrela, hauek dira eskualdetik profesionaletara iritsi eta bertan mantentzen diren pilotariak: Erik Jaka lizartzarra, Julen Urruzola asteasuarra, Iñaki Artola alegiarra, Jokin Altuna amezketarra, Xabier Tolosa anoetarra eta Jon Ander Peña tolosarra.

Jon Erasun 1996. urtean jaio zen Zizurkilen. Gaur egun 20 urte ditu, eta atzelari bezala jokatzen du. Berak esaten duen bezala, bi eskuekin ondo moldatzen den pilotaria da, segurua, eta aurrelariari txokoa betetzen laguntzen diona: «Ahal dudanean aurkariari aukerako pilotak kentzen saiatzen naiz; ea hori ondo egiteko gauza naizen».

Profesionaletara jauzi egingo zuela esan ziotenean, gustura geratu zen zizurkildarra: «Aspalditik hori lortu nahian nenbilen; horren bila ibili gara eta, lortu dunez, pozik gaude. Lagunak eta ingurukoak ere oso pozik daude. Bi urterako hitzarmena sinatu dugu, eta orain nire maila eman beharra daukat. Ea noraino iristen naizen, eta hor mantentzea lortzen dugun. Topera saiatuko naiz horretan».

Lehen partida hori jokatzeko orduak falta direnean, urduritasunik oraindik ez duela esaten du Erasunek. Debutekoa partida zaila izaten dela badaki, eta gutxienez, pixka bat gozatzea gustatuko litzaiokeela dio. «Lasai jokatzeko esan didate, nirea emateko. Aurkarietako bat Peña izango da. Ezagutzen gara, elkarrekin eta elkarren aurka partida asko jokatu ditugu afizionatuetan. Orain profesionaletan ariko gara elkarrekin, eta nire lehen partidan bera ere aritzea polita izango da. Atzean Untoria izango dut aurka, eta ea nik baino huts gehiago egiten dituen»

Maila berrira jauzi egiten dutenek pilota aldaketa aipatzen dute, eta Erasunek ere aldea nabaritu du: «Afizionatuetan baina azkarrago etortzen da. Denbora gutxiago izaten duzu jartzeko, ondorioz, azkarrago mugitu behar izaten da; erritmoa altuagoa da. Oraindik pixka bat egokitzea falta zait, baina nik uste denborarekin jarriko naizela».

Ametsaren barruko beste amets batzuen artean, Olaizola, Barriola, Albisu edo Zabaleta bezalako izenak agertzen zaizkio zizurkildarrari: «Beti jarraitu ditudan pilotariak dira, eta polita izango litzateke horien aurka jokatzeko aukera izatea».

Jaialdi berean, Erik Jaka lizartzarrak Ugalderen aurka jokatuko du Lau t'erdiko finalerdiko partida.

 

PILOTA JAIALDIA

TOLOSAKO BEOTIBARREN, AZAROAK 5, 17:00ETAN

Lehen partida: Arretxe II-Salaberri vs. Arteaga II-Ladis Galarza.

Bigarren partida: Victor-Erasun vs. Peña -Untoria.

Hirugarren partida: Jaka vs. Ugalde. Lau t'erdiko Promozio Mailako finalerdia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!