Udal gobernuaren urtebeteko jarduna gaitzetsi du PSE-EEk

Ataria 2016ko azaroaren 4a

Jose Antonio Sanchez Zizurkilgo zinegotziak esan du, Joxe Mari Luengoren udal gobernuak atzera botatzen dituela talde sozialistaren proposamenak edo denbora gehiegi pasatzen duela horiek exekutatzen.

Alderdi sozialistak Zizurkilgo udaletxean duen ordezkariaren esanetan, "sozialiston helburua, gure herria eta zizurkildarren ongizatea hobetuko duten proposamenak bultzatzea da". Herritarrek helarazi dizkieten kezkak jaso, "eta oposizio eraikitzaile bat egiten saiatu gara, jakitun izanik EH Bilduk gehiengo osoa duela".

Gaurtik aurrera, 1.200 eskuorri banatuko dituzte herrian Zizurkilgo PSE-EEren konpromiso eta ekimenen berri emateko. Kanpaina "garrantzitsua" egiteko asmoa du alderdi sozialistak eta eskuorriak euskaraz eta gaztelaniaz banatuko dituzte.

Besteak beste honako konpromisoak hartu ditu PSE-EEren udal taldeak:

-Ugare auzoa: zebra-bidearen segurtasun arazoari irtenbide eraginkorra ematea. Izan ere, udal gobenruak hura konpontzeko konpromisoa hartu zuen eta gaiari ez zaio oraindik heldu.

-Erregai soberakina: Gizarte xedeetan jarduten duten irabazi asmorik gabeko erakundeek Pedro Mari Otaño herri eskolako berogailu zaharreko erregai soberakina ematea.

-Energia-hornikuntza: Zizurkilgo familia bat bera ere bere etxebizitzako oinarrizko premiak asetzeko behar den energia hornikuntzarik gabe ez geratzeko, udalak hornikuntza egiten duten enpresekin hitzarmena sinatzea.

-Bulandegi bidea: Birgaitzeko premia egiaztatu ondoren, bertan dauden desnibelak ezabatu eta oinezkoen alderdia hobetzea.

-Plazida Otaño: 2017ko aurrekontuetan liburutegia altzariez hornitzeko partida bat sar dezaten lan egitea.

-Argiztapena: Zizurkil eta Villabona arteko oinezkoen zubiko argiztapena hobetzea eta behaztopak ekiditeko pasagunean dauden nerbioak ezkutatzea.

-Kultur etxea: Atxulondo kultur etxeko sarrera paperez bete ez dadin, informazio panel bat instalatzea.

-Hondakinak: Bostgarren edukiontzia ezartzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!