Zizurkilen jokatu dira 2016ko Gipuzkoako Emakume Pilotari Txapelketako lehen partidak

Ataria 2016ko urriaren 31

Zizurkilen eman zitzaion hasiera, joan den larunbat arratsaldean, Gipuzkoako Emakume Pilotari Txapelketari. Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatzen du, eta ezker paretean pilota mazizekin, palaz, jokatze den urteko txapelketa garrantzitsuena da hau. Ordezkaritza aparta du Tolosaldeak. Finalak Tolosan jokatuko dira abenduaren 17an.

Pilotariek banan bana ematen dute izena eta antolakuntzako arduradunak, Gipuzkoako Pilota Federazioa, arduratzen dira bikoteak egiteaz.

Eskualdeak ordezkaritza zabala eta kalitate handikoa du maila batean zein bestean. Lehen mailan: Nagore Arozena (Lizartza), Ainhoa Garmendiak (Alegia), Ane Maiza (Zizurkil), Maider Mendizabal (Anoeta), Mari Murua (Altzo), Maialen Senperena (Abaltzisketa) eta Irati Otaegi (Asteasu). Bigarren mailan: Itxaso Erasun eta Janire San Sebastian (Zizurkil), Arantzazu Rodas (Berrobi) eta Aiora Senperena (Bidania-Goiatz).

Esan bezala, larunbat arratsaldean jokatu ziren lehen partidak Zizurkilen. Bigarren mailakoetan, beren partidak irabaziz ekin zioten Itxaso Erasun, Janire San Sebastian eta Aiora Senperenak (elkarrekin jokatzen dute bi hauek), eta galtzea egokitu zitzaion Arantzazu Rodasi. Lehen mailan, berriz, Murua-Arozenak 25-21 irabazi zieten Senperena-Maddi Mendizabali, eta Garmendia-Eizmendik 25-24 Maider Mendizabal-Otaegiri; Maiza-Araiztegik 16-25 galdu zuten Goikoetxea-Huiziren aurka.

 Tolosako Beotibarren jokatuko dira finalak abenduaren 17an. Aurretik,  Zestoa, Bergara eta Urretxun jokatuko dira ligaxkako partidak, eta Donostiako Atano III.n finalaurrekoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!