Abian da III. Pello Mari Otaño Bertso-Paper Lehiaketa

Jon Miranda 2016ko urriaren 28a

Adinaren arabera hiru mailetan banatu dute lehiaketa; bertso lanak aurkezteko epea azaroaren 18an amaituko da.

Martxan da Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkarteak eta Harituz Bertsozale Elkarguneak elkarlanean antolatutako lehiaketa. Zizurkilgo Errekalde baserrian sortu zen Pello Mari Otaño bertsolari ezagunaren omenez antolatu zen lehen aldiz lehiaketa, bertso-paperetan utzi zuen ondarea bide. Aurtengoa hirugarren aldia da.

Hirugarren edizio honek funtsa mantenduko du baina hainbat aldaketa dakartza. Batetik, aurten ez da diaspora atalik izango; horren ordez, hiru adin atal bereiziko dira: 14 urte artekoak, 14-18 urte bitartekoak eta 18 urtetik gorakoak. Bina sari izango dira adin tarte bakoitzarentzat. 14 urte artekoen lehenengo sariak pergaminoa, trofeoa eta 100 euroko erosketa balea, eta bigarren sariak pergaminoa, trofeoa eta 50 euroko erosketa balea. 14-18 urte artekoei dagokionez, lehenengo saria 250 eurokoa da eta bigarrena 125 eurokoa. Azkenik, helduen sailean, lehen saridunak 500 euro jasoko ditu eta bigarrenak 250 euro.

Bestetik, sari banaketak bertso jarrien gauarekin bat egingo du. Harituz Bertsozale Elkarguneko kideek azken urteetan egindako afalosteko bertso kantaldia sari-banaketaren ostean izango da (abenduaren 3an). Beraz, sarituek ere euren sorta abestu ahal izango dute musikarien laguntzaz, eskualdeko gainerako bertsolarien sortekin batera.

Gainerako baldintzak ohikoak izango dira: bertsoen gaiak eta neurriak libreak izango dira eta epaimahaia Harituzeko kideek osatuko dute. Lanak bidaltzeko azken eguna azaroaren 18a izango da eta lanak era anonimoan helarazi beharko dira info@hernandorena.eus helbide elektronikora edo Hernandorena Kultur Elkartearen egoitzara: PK. 22; Iriarte etxea, Pello Mari Otaño plaza, 20159 Zizurkil.

Informazio gehiago eskuratzeko info@hernandorena.eus helbidera idatzi daiteke edo 656743741 telefono zenbakira deitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!