«Lan ona egitea» du helburu Otaegik finalean

Imanol Garcia Landa 2016ko urriaren 21a

Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketa jokatuko da Bizkaia frontoian, igandean.

Lehenengo aldiz hartuko du Bilboko Bizkaia frontoiak Lehen Mailako Aizkora Txapelketako final handia. Sei aizkolari ariko dira lehian, tartean Joseba Otaegi zizurkildarra. «Kanporaketan laugarren egin nuen eta hortik aurrera egitea zaila ikusten dut», esan du Otaegik. «Belaunean ebakuntza izan dut eta nire asmoa zen lehen mailan jarraitzea. Hori lortuta, lan ona egitea da nire helburua finalean».

Aurkariak Aitzol Atutxa, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugertza, Iker Vicente eta Juan Jose Lopez izango dira, eta egin beharreko lana lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko ebakitzea. Igandean izango da finala, 12:00etan hasita. Faboritoak Atutxa eta Vicente direla esan du Otaegik: «Biak hor aurrean izango dira. Larrañaga lan handietan ondo moldatzen da, eta sasoi onean dago; ezustekoa ematekotan Larrañagak emango du. Besteak, noski, ez gara paseatzera joango, saiatuko gara gure lana egiten». Ez dute espero Bizkaia frontoia beteko denik, baina «giro ona» izango dela dio aizkolari zizurkildarrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!