Ipuinen unibertsoa familian

Ataria 2016ko urriaren 15a

Zizurkilgo Pedro Mari Otaño ikastetxeko Onbu guraso elkarteak ekimena abiatu du. Hilero ipuinak, musika, marrazkia eta bertsoak ardatz hartuta emanaldiak izango dira Plazida Otaño liburutegian.

Lehenengo saioan, ipuinen sormena landu nahi izan dute eta Idoia Barandiaranek, artzain gezurtiaren ipuina kontatu du, euskarririk gabe, soilik, txotxongilo baten laguntzaz. Ondoren, taldetan banatu eta ipuinak asmatu dituzte umeek.

Ilustrazioa, musika, bertsoak... landuko dituzte hemendik aurrerako saioetan, guraso eta herriko bertako eragileekin kontatuta eta beti ere, umeen artean irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz.

Ipuin tartea

Liburutegian maileguak egitera animatzeko eta liburutegiaren erabilera sustatzeko, ostiralero, 17:45ean Txiki Txokoan ipuin bat kontatuko dute. Gurasoak izango dira umeei ipuinak kontatzeaz arduratuko direnak. Ostiralean egin zuten ikasturteko lehendabizikoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!