«Etxean egindako lana baino hobea egin nuen»

Iñigo Otaegi 2016ko ira. 19a, 08:00

Afizioa aspaldidanik izan arren, abuztuaren 28an egin zuen debuta Unai Otaegik (Zizurkil, 1993), aizkorako hirugarren mailan. Debutean izandako sentsazioak eta gerora begirako intentzioen gainean hitz egin du ATARIA-rekin.

Orain bi aste aritu zinen aizkoran estreinakoz, hirugarren mailan, Lakuntzan. Zer moduzko sentsazioak?

Ni oso gustura nago egindako lanarekin. Probatzeko asmoarekin joan nintzen, zer zen jakin, eta esperientzia pixka bat hartzearren. Etxean egindako lana baino hobea egin nuen.

Lau kana-erdiko ebaki zenituen. 14 aizkolaritik, hamaikagarren postua lortu zenuen.

Ez nuen espero inondik inora hamaikagarren egitea. Ez nuen uste inor atzetik utziko nuenik; helburua azken sailkatutik oso urruti ez geratzea zen.

Aurkarietako batzuk gainera, etorkizun handiko aizkolariak ziren.

Denetarik zegoen. Eneko Saralegi da finalera igaro dena, eta akaso kategoriako onena. Gainontzekoek urte dezenteko eskarmentua dute, Urteagak izan ezik.

Aizkoran hasteko erabakia noiz hartu zenuen? Debutari begira, noiz hasi zinen entrenatzen?

Debutari begira aurtengo neguan hasi nintzen entrenatzen. Beti eman izan dizkiot kolpe batzuk enborrari. Baina, Zizurkilgo Gazte Egunean, herriarteko apustua egin genuen, eta bertan eroso aritu nintzen aizkoran; orduantxe izan nuen aizkoran hasteko beroaldia, motibazioa instant horretan piztu zitzaidan.

Kirol gehiago egindakoa zara. Zergatik aizkora?

Anaia ere horretan ibili izan da, eta sarri laguntzen nion berari. Besteei laguntzen ibilita, pentsatu nuen nik probatzea.

Lehendabiziko aldiz plazara irtetean sortzen den urduritasunak atzera ez zizun egin?

Egia esan oso urduri nengoen hasi aurretik. Goiza atzera eta aurrera zer egin ez nekiela igaro nuen. Gainera, proba bigarren txandan egitea egokitu zitzaidan; eta besteei begira egotea ez zen oso samurra izan. Behin berotu eta egurrera igo bezain pronto, nire munduan nengoen, zentratuta, eta oso gustura. Gertuko jendea ere gertu tokatu zen, eta horrek asko bultza ninduen.

 



Inguruko jende andana gerturatu zen: lagunak, familia...

Bai, asko eskertzen da. Bazkaria egin zuten, eta gero niri ikustera etorri ziren. Hainbeste jende ikusten ari zaizunean, beste animo batekin hasten da bat aizkoran. Proba bukatu ondoren, askok zoriondu ninduten.

Zein izan zen lehen esperientzia?

Lehen aldiz, Atutxarekin egin nuen aizkoran, herrian bertan. Asko gozatu nuen neure buruarekin, are gehiago aldamenean egungo txapelduna izanda.

Hurrena, noiz aterako zara plazara?

Hurrengo urtean, data hauetan. Lehenago, hemen inguruko herriren batetik deitzen ez badidate behintzat.

Anaia aizkolariak asko ere ez zarete izango, edo?

Ematen duena baino gehiago gaude (barreak). Mugertza, Senosiain, Mindegia, Saralegi eta Larretxea anaiak ere ari dira gutaz aparte.

Anaiaren figurak eragina izango zuen, noski.

Bai, ikaragarrizko eragina izan du Josebak. Jendeak aizkorako jomugen gainean zerbait galdetzen didanean, erreferentea nire anaia dela esaten diet.

Anaiak lortutakoak presiorik ematen dizu?

Presiorik ez. Ematen du Josebaren anaia izate hutsagatik, debutean bigarren mailara igaro behar nuela. Jendearen aurreiritziak desegokiak izaten dira. Beste aldetik, anaia oso laguntza ona da. Esperientzia handia du, eta nik ez dakizkidan gauza asko erakusten dizkit. Proba egunean ere, kanpotik ikaragarri lagundu zidan.

Lorpena, esaterako, pasa den asteburuan lortutakoa. Euskal Herriko Aizkora Txapelketako final handirako txartela bereganatu zuen, laugarren denbora onenarekin.

Bai, hala da. Berak ez zekien zer gertatzen ari zen, aizkolari denek bata bestearen segidan amaitu zutelako; segundo batzuen tartea besterik ez zegoen aizkolarien artean. Bera oso gustura aritu zen, sentsazio onekin jardun zuen lanean. Pozgarria izan zen oso, Bilboko finalean sartzea.

Kanpotik anaia ikusita, zer sentitzen da?

Elkar lagunduz ibiltzen gara une oro, eta sentitzen den zoriona bikoitza da anaia denean. Egia esan, txapelketa bat antolatzeak lan izugarria suposatzen du; prestakuntza gogorrak balio izan duela jakiteak, saiatzen jarraitzeko gogoa pizten du. Probako egunean ere berarekin joan nintzen, zita garrantzitsuetan batera ibili ohi gara.

Batera entrenatzen duzue?

Bai. Bientzako jartzen ditugu egurrak, eta batera entrenatzen dugu. Nik debuta egin, eta anaiak txapelketa jokatu berri duenez, orain lasaiago gabiltza.

Proba bukatu ostean, zer esan zizun?

Oso ondo egin nuela esan zidan, konforme egon behar nuela neure buruarekin.

Anaiaren antzekotasunik baduzula esaten dizute?

Esan zidaten anaia bezain urduria naizela (barreak). Izan ere, berak proba bera egin zuenean urduritasunak jota egon zen. Lagun batek honakoa esan zidan: «Beno, behintzat hire anaiaren marka hobetu duk» (barreak). Proba, gainera, iragan bi asteko berdina izan zen; bai eszenatokia, baita egitekoa ere. Izan ere, berak 20 minututan amaitu zuen proba; aldiz, nik 15 minutu, eta 18 segundotan erdibitu nituen egurrak. Garai hartan, Josebak 20-21 urte zituen, eta ni 23 urterekin plazaratu naiz lehendabizikoz.

Egurrak ebakitzeaz gain, zein beste entrenamendu egiten duzu?

Gimnasiora joaten naiz, gorputza bere osotasunean lantzea garrantzitsua da. Batez ere, besoekin egiten da indarra; baina, gerria ere garrantzitsua da. Baita hankak ere, ematen du ez dela indarrik egiten, baina, egiten da. Mendira ere joaten naiz, korrika edo oinez.

Azken urteetan, fisikoki eboluzio handia egin duzu.

Bai, kilo asko galdu nituen orain bi urte edo. Gerora, fisikoki oso ongi aurkitzen naiz, eta indarra hartzen ari naiz pixkanaka.

Aizkoran hiru kategoria daude. Hirugarren kategorian, 27 aizkolari. Ez da kontu makala.

Bai, ezetz dirudi, baina, jende dezente dabil. Lehen mailan, 12 daude, eta bigarren mailan, beste 12; hirugarrengoan, oraingoz 27. Txapelketez gain, jende ugari ibili ohi da herrietan zehar, erakustaldiak ematen.

Aizkoraren egoera, osasuntsu ikusten duzu? Garai batekoarekin alderatuta, asko jaitsi da?

Lehengo aizkorak zuen indarra ez dauka. Kontua da aizkora ez dela hain erraza hasteko, beste edozein kirol baten gisan. Ezerezetik hastea zaila da, garestia da: egur asko behar da, aizkorak... Harri-jasotzea ezberdina da; eskolak daude, Ostolazarena esaterako, eta bertan irakasten dizute, ez duzu materialik zertan erosi. Nahiz aizkoran jende asko ez den hasten, afizioa badago; ikusi besterik ez dago, zenbat jende erakartzen duten txapelketa eta erakustaldiek. Lagunarteko giroan ere, jendea probatzera ausartzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!