Iritsi da momentua

Eneritz Maiz Etxarri 2016ko ira. 12a, 08:01

Ander Ortiz de Murua margolariak bizitzari erronka berriak jarri, eta pauso bat aurrera ematea erabaki du Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian, lehen aldiz, margolanen erakusketa jarriz: «Arte lanak egiten dituen pertsona izan nahi dut: paperean, oihalean edo azalean».

Txikitatik maite izan du marraztea Ander Ortiz de Muruak (Amasa-Villabona, 1980). Gaur egun zizurkilen bizi da, eta bere bizitzako erronka berriek orain artean egindako lanak bistaratzera daramate. Lehenengoz bere margolanak Plazida Otaño liburutegian jarriko ditu ikusgai.



«Txiki-txikitatik nire jolas lana marrazkiak egitea zen. Ez nintzen asko jolasten jostailuekin, hori da behintzat etxekoek esaten didatena», azaldu du. Eta irri artean ekarri du gogora, «hainbesteko txaplata edo kaka eman ostean, marrazketako klaseetara apuntatu ninduten gurasoek». Hamaika bat urte zituen orduko haur hark, eta bertan eman zituen grafitorako lehen urratsak. Villabonako kultur etxeko ikastaroetan eman zituen urte batzuk. Elektronikako ikasketak egitea erabaki zuen lanbide bat izateko esperoan, baina ez zuen inoiz utzi arkatza eskuetan hartzeaz eta marrazki lanak ere egiten zituen Ortiz de Muruak.



20 urterekin, ordea, grafito lanetan espezilizatu nahi izan zuen, eta baita oleoarekin, baina batez ere pinturaren munduan sartu nahi izan zuen. Diru pixka bat irabazten hasi ostean, Donostiarako jauzia eman zuen eta Arantxa Arratibelen estudioan eman zuen izena.

«Testuraren lanak egiten bertan ikasi nuen. Oleoa eta akrilikoa lantzen, eta erretroak egiteko teknikak ere ikasi nituen». Hortik aurrera jendeari pixkana-pixkana bada ere, erretratuak egiten hasi zen. Honek jendearen eskariz ere lan batzuk egitera bideratu zuen: baserriak, paisaiak,... «ez da nire lan gustukoena, baina egin egin behar zen». Urte horietan kubismoa ikasteko ere aprobetxatu zuen «nola lantzen den, baina nahiko zaila da», argitu du.

Garai ezberdinetan, lan ezberdinak 

Bizitzak etapa ezberdinak dituen moduan, billabonatarraren lanak ere garai ezberdinak bizi izan ditu. «Arantxa Arratibelekin lau urte eman nituen ikasten, eta teknika asko ikasi genituen. Ez ginen teknika batean zentratzen eta asko gustatzen zait teknika eta material berriak probatzea, baina oraintxe bertan grafitoko errealismo lanetara nago bideratuta. Honez gain, pintura librera, hau da, pintura botatzen duzu koadrora baina ez duzu pintzelik sartzen. Oihalari ematen zaio mugimendua, alde batera eta bestera. Pinturak beraiek bakarrik nahasten dira. Teknika oso interesgarria da, baina nahiko zaila da», dio.

Estilo honetako bi edo hiru koadro jarri ditu erakusketan ikusgai. «Lan ezberdinak dira, eta koadro oso freskoak geratzen dira», gaineratu du. 



«Marraztu egin behar dut»

Orain artean inoiz ez ditu erakusketa bidez erakutsi bere obrak, eta ez dela bere lanak erakutsi zale aitortu du: «Orain arte asko kostatu zait, baina oraingo honetan animatu egin naiz». Baina bere emaztea jarri zen Zizurkilgo Udalarekin harremanetan, eta udal ordezkariei lanak erakutsi ostean, Plazida Otaño liburutegian erakusketa jartzeko pausoa eman du.  

Behin pausoa eman eta artisten munduan sartzen hasi eta gero, ateak zabalik ditu. Obra asko ditu gordeta. Ez du ezer itxita, baina proposamen ezberdinak jasotzen hasia da batean eta bestean bere lanak erakusteko, baina «egia esanda ez naiz jarri pentsatzen Villabonan, Tolosan edo... erakusketak jartzeaz».

Hasiera batean etxean bertan zuen estudioa, baina familia handitzearekin batera kendu egin behar izan du. Hala ere, txoko bat prestatua du bere margoketa lanetarako: «Hala ere, grafito lanak etxean ere egiten ditut, eta haurrekin batera ere aritzen naiz. Beraiek ere ikusi eta ikasi dezaten, eta niri ere balio dit». Bi haur txiki etxean izanda, ez zaie arkatz eta pinturarik falta, baina «normalean ni naiz pintatzera behartzen ditudana. Nahiago dute teknologia berriekin jolastu, eta pena bat da». Ez dagoela modan dio, udaletxe eta kultur etxeen eskaintzetara begiratzea nahikoa da: «Ez dago marrazketarako eskaintzarik».

Margolari izatetik bizitzea posible ote den galdetuta, hitz bakar batez adierazi du: «Ezinezkoa». Eta «oraingoz oso-oso zaila da», gaineratu. Margo lanetatik bakarrik bizi ahal izateko, «diru asko duen familia bat beharko luke izan. Artista asko ezagutzen ditut, eta oso gutxi dira margo lanetatik bizi direnak. Beti eduki behar duzu beste zerbait», azaldu du.

Ortiz de Muruak marrazketa lanak orain artean zaletasun moduan ditu; enpresa batean egiten du lan bizimodua aurrera ateratzeko. Hala eta guztiz ere margotzearena «bizimodu bat da» dio: «Marraztu egin behar dut». Tartean-tartean izan ditu denboraldiak ez duena asko landu, baina «azkenean gorputzak eskatu egiten dizu margotu egin behar duzula, eta atera behar duzula barruan daukazuna, bestela barruan geratzen da eta arkatzarekin ez bada, pinturarekin edo moduren batera atera egin behar da». Ez du ulertzen bere bizitza arkatzik edo pinturarik gabe: «Margotzea, bazkaltzea edo afaltzea bezalakoa da, beharrezkoa. Ez dut ulertzen bestela».



Erronka urtea

2016a erronka urtea da Ander Ortiz de Muruarentzat. Ikasketak, enpresako lana, familia, arte lanak,... Orain erakusketa, eta atzetik Zizurkilen bertan emango duen teknikako ikastaroa ditu esku artean. «Jende asko daukat tatuatzeko ere, baina oraintxe bertan ezin dut».

Egunen batean enpresa utzi eta marrazki mundutik biziko ote den galdetzean, ez du zalantzarik egin: «Azkenean egingo dut. Bai bai, argi daukat. Bizitza konplikatua da, baina hau da nire bizitza». Eta «tatuajea eta arte lanekin bizi daitekeela esango nuke, eta ni behintzat saiatuko naiz», gaineratu du. «Beti izan dut buruan, baina diruarekin pentsatzen duzu eta orduan enpresara joaten zara lanera. Beti marraztu dut, baina ez diot inoiz duen garrantziarik eman, eta ingurukoek ere orain artean ez didate babesik azaldu». Ikasketak ere lan mundura sartzeko bideratu zituen, baina «hori ez zen nire bidea, eta orain iritsi da nire momentua eta konturatu naiz». Emaztearen eta etxekoen babesa jaso du orain, eta bere lan artiskoarekin jarraitu behar duela esaten diote, eta «babesik gabe mundu honetan ezin zara sartu» ekarri du gogora. «Zaila da zuk bakarrik aurrera jarraitzea, eta normalean, gu, sentimentalki gorabeheratsuak izan ohi gara, eta jende asko daukat atzean», azaldu du.

 

Tatuaje mundurako jauzia, grafito eta marrazki artean

Margolari izateak ez du bizitzeko ematen, eta osagarri izan dadin tatuaje munduan sartzen ari da Ander Ortiz de Murua. Azken bi urteak Madrilen ikasketak egiten aritu da. Ikasketak bukatuta lantzen ari da, biak batera: «Tatuajea egiteko grafitoarekin marrazkia egiten dut». Beste ate bat ireki nahi du, eta mometuz ezin dela kexatu dio. 

Ikasketak ez dira izan tatuajeari estuki lotuak, baizik eta irekiak bai arte lanari, erakusketei, musikari,... eta «gauza horiek dira elikatzen nautenak, eta aurrera jarraitu behar dudala esaten didatenak». Azken urtean askotan egin du Madrilerako bidea, eta ate asko ireki ditu bertan. Irri artean «artista moduan tratatzen naute», dio. Eta «niretzat jada beharrezkoa da. Ezin dut utzi», argitzen du. «Arkatza edo pintura edo edozein modutara... forma asko daude egiteko».

«Tatuaje munduan profesionalki sartu nahi dut, eta marrazki eta koadroekin egingo dut bidea. Ez dut tatuatzaile bat izan nahi. Arte lanak egiten dituen pertsona izan nahi dut: paperean, oihalean edo azalean».

 

'ARGIAREN BILA' LEHEN ERAKUSKETA

Urriaren 1era bitartean Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegiko erakusketa gunean egongo dira ikusgai Ortiz de Muruaren margolanak.

Bi esanahi ditu Ander Ortiz de Muruaren esanetan Argiaren bila erakusketaren izenak. «Grafitoarekin ari naizenean lanean, obretan, beti lantzen dut argia bilatzea», azaldu du. «Errealismoa hartzen baduzu oinarri moduan, grafitoarekin errealismo hori pixka bat bereizteko argia bilatzen dut, lana bereziagoa izan dadin».

Bestetik, obra guztiek, emozionalki bere etapa izan dute. «Bizitzan gertatu zaizkidan gauzak islatzen dira beraietan». «Galduta nengoen garaiak izan ditut, eta galduta nengoen garaiko obretan esanahi hori ikusten da».

Argia eta sentimenduak ditu oinarri eta 12 urterekin egin zuela lehen lana kontatu du margolariak: «Pertsona berezi bat joan zitzaigun gure artetik, eta hor konturatu nintzen hori zela nire arte modua». Orain margolaritzat du bere burua, «baina orain dela bi urte ez», dio argi eta garbi. 

Eta Zizurkilgo erakusketarako aukeratu dituen obren artean pertsonalki eginak dituenak aukeratu ditu. Asko ditu eginak, eta 17 lan aukeratu ditu erakusketarako.

Erakusketan orain dela urte asko eginiko lanak ere ikusi ahal izango dira. Arantxa Arratibelen ikasketa garaian egindakoetatik hasi eta azken urtera bitarteak jaso ditu. «Nire auto erretratua ere jarri dut erakusketa ikustera doanak nor naizen ikus dezan».

Udazkena eta udaberria

Sentimentuen aldetik ezegonkortasun handiena bi urtaroetan izan ohi du margolariak: udaberrian eta udazkenean. Eta orduan egiten du lanik gehiena margotzen. «Garai horietan gauzak ezberdin pentsatzen dituzu, egunak ezberdinak dira eta sentimenduak adieraztea errazagoa zait», dio. «Koloreen kasuan, esaterako, udazkeneko koloreak gorriak eta marroiak dira gehien indartzen nautenak lanak egiteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!