Hernandorena omenduko dute Urepelen, Xalbador egunean

Ataria 2016ko irailaren 8a

Urriaren 22an eta 23an omenduko dute zizurkildarra Urepelen, Emile Larre baigorriarrarekin batera.

Deiadarra elkarteak 2004tik antolatzen du Xalbador Eguna. Aurten, 40 urte betetzen dira Fernando Aire hil zela eta egitarau zabala prestatu dute bertsolaria gogoan hartzeko.

Urriaren 22an, Aldudeko antzerki taldearen emanaldia izango da Urepeleko eskolan eta iluntzean, Kepa Junkerak eta Sorginak taldeak kontzertua emango dute plazan. Igandean, urriaren 23an, herri bazkaria izango da eta bertan trikitilariekin batera, Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Jose Luis Gorrotxategi bertsolariak ariko dira. Lehenagotik aurtengo bi omenduak hartuko dituzte gogoan: Emile Larre eta Teodoro Hernandorena.

MEDIKU ETA KULTUR GIZONA

Teodoro Hernandorenak (Zizurkil, 1898 - Donibane Lohizune, 1994) abertzaletasunak propagandarako grabatutako Euzkadi filma egin zuen 1933an eta gerraren ondoren, iparraldean, bertsolaritzaren sustapenean lan handia egin zuen. Besteak beste, Mattin eta Xalbador plazaratuz.

Hernandorena eta Larreren biografiak bildu ditu Joxe Mari Iriondok Bidegileak bildumarako eta bien inguruko hitzaldia emango du, urriaren 23an, goizez, Urepelen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!